Galdakaoko EasyGas gasolindegia erregai gabe geratu da gaur
Garraiolarien greba
BINKE / 2022ko martxoa
Galdakaoko EasyGas gasolindegia erregai gabe geratu da gaur
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Google Earth
Garraiolariek gaur astebete hasi zuten greba, eta Bizkaiko gasolindegiak ere hasi dira horniketa gabe geratzen: lehenengoetako bat Galdakaoko EasyGas izan da. Gasolina eta diesel barik geratu da goizeko lehenengo orduan. Bizkaiko Zerbitzuguneen Elkarteak lasaitasuna eskatu du, kasu bakarrenetakoa izan delako.
Astebete egin dute gaur, astelehena 21, garraiolariek greban. Eta Bizkaiko gasolindegiak horren ondorioak nabaritzen hasi dira dagoeneko. Goizeko lehen ordutik, «Low cost» kateko hiru gasolina-zerbitzugunek ezin izan dute erregairik eman. Euretariko bat Galdakaokoa izan da, EasyGas izenekoa, Erletxe eta Kortederra bitartekoa.
«Ez dugu dieselik, ezta gasolinarik ere, eta kamioia gaur iritsiko zain gaude», esan dio David Ortegak, Galdakaoko kostu txikiko kate horretako gasolindegiko arduradunak, El Correo egunkariari. Mungiako gasolindegira esaterako, barikutik ez da kamioirik iristen. Ontonekoan, joan den eguaztenean bete zutenez depositua azken aldiz, egoera bera bizi dute.
Gaur kamioiren bat iristeko esperantza izan dutenez, biharko —martxoak 22, martitzena— erregaia izatea espero dute enpresako arduradunek. Hala ere, euren egoera «larria» dela esan du aipatutako egunkariak. Baina Bizkaiko Zerbitzuguneen Elkarteak, Estaserbik, lasaitasuna eskatu du eta «Galdakaoko hau kasu bakarrenetarikoa» izan dela eta izango dela ziurtatu.