Espainiako Legea aldatzea eskatuko du EAJk Kongresuan, Usansoloren segregazioa posible egiteko
Lurraldetasuna
BINKE / 2022ko apirila
Espainiako Legea aldatzea eskatuko du EAJk Kongresuan, Usansoloren segregazioa posible egiteko
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: EFE Agentzia
Biharko Espainiako Kongresuaren kontrol-saioan, Mikel Legarda EAJren diputatuak Usansoloren segregazioa posible egiteko Espainiako Legea aldatzeko prest dagoen galdetuko dio Isabel Rodriguez ministroari. Baina, zer aldatu behar du Espainiak eta zer galdetuko dio zehazki Legardak Rodriguezi?
Martxoaren 29an luze jaso zuen eztabaida Binkek: nori dagokio Usansolok martxoaren 27an gehiengoz bozkatutako segregazioaz erabaki bat hartzea? Eta erantzuna ez dirudi erraza: batzuen ustez, Espainiari; beste batzuen ustez, Bizkaiari.
Espainiari dagokio honen erabakia hartzea, 2013an lurraldetasunaren eskumena kendu baizitzaien Foru Aldundiei. Espainiako Gobernuaren baldintzetariko batek 5.000 biztanleko gutxieneko biztanleria ezartzen du auzo bat udalerri bilakatu ahal izateko; Bizkaiko Foru Aldundiaren baldintza berak aldiz, 2.500 biztanletan ezartzen du gutxieneko muga hori.
Horren aurrean bihar, eguaztena, Espainiako Kongresuaren kontrol-saioan Mikel Legarda EAJren diputatuak Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroari legea aldatzea eskatuko dio, bai behintzat «Usansolo segregatu ahal izateko oztopo legal hori mugitzeko prest dagoan galdetuko», Kongresuko Euskal Taldeak Binkeri bidalitako oharrean ageri den bezala.
Are gehiago, EAJk bihar 09:00etatik aurrerako saioan, hitzez hitz eta jatorrizko hizkuntzan batuta, hauxe galdetuko dio Rodriguez ministroari:
«¿Está de acuerdo en remover los obstáculos legales existentes para que el núcleo urbano de Usansolo, del municipio de Galdakao, en Bizkaia, se pueda constituir en un nuevo municipio?».