«Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen», Peio Artola
Iritzia
Peio Artola Jugo
BINKE / 2022ko apirila
Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen
Gure garaia zerbaitek ezaugarritzen badu, hori krisi kapitalista dela esan genezake. Gainera, ekoizpen eredu kapitalistaren garapenean zehar ikus daiteke nola krisiaren ondorioak langileriak ordaintzen dituen beti; eta gaur egun ere horrela gertatzen ari da. Etengabe krisiaren espresio diren askotariko erasoak sufritzen ditugu gure azalean: prezioen gorakada ikaragarria, gure bizitza aurrera eramateko gaitasunik eza, egiturazko langabezia eta aldi baterako lanpostuen igoera, soldata baxuak… Hala ere, horiek guztiak pandemiaren eta gerraren ondorio soilak izatetik urrun, 2008ko finantza-krisiaz geroztik ireki zen arnas luzeko krisi testuinguruaren ondorio sozialak dira; era berean, azken urteetako koiunturan burgesiak aplikatutako kudeaketak etengabe areagotu ditu jazoera latz horiek. Horregatik diogu egun bizi dugun krisia egiturazkoa dela, ez delako koiunturazko ezustea, baizik eta ekoizpen eredu kapitalistaren dinamikaren eta bere barne-ezintasunen ondorio zuzena.
Horiek horrela, argi ikus daiteke politikari profesionalez osatutako alderdi parlamentarioek ezintasun nabariak dituztela egoerari aurre egiteko. Instituzio burgesak, gobernuak eta parlamentuak kasu, diruaren menpe daude, eta beraz, dirua daukanaren menpe. Horregatik, sozialdemokraziak ez du lortzen aplikatu nahi dituen politika ezberdinetarako finantzaziorik, eta lortzen duen apurra langileriaren bizi baldintzen aurkako oldarraldian sakotzeko baldintzarekin lortzen du, Europar Funtsekin gertatzen ari den bezala. Beraz, esan daiteke sozialdemokraziak ez duela langileria ekonomikoki laguntzeko ahalmen errealik, eta parlamentuan mezu erradikalak bota eta eraldaketa instituzionala aldarrikatu arren, ezintasunera kondenatuta dagoela.
Zalantzarik gabe, borrokaren eta prozesu iraultzaileen bitartez lortu izan ditu proletalgoak inoiz ezagutu diren askatasun kuota handienak. XIX. eta XX. mendean iraultza politikoek eta borroka sindikalek beraien fruituak eman zituztela argi dago. Gainera, langileriaren batasun estrategikoak eta sozialismo errealaren existentziak ahalmen handia eman zion proletalgoari, eta ondorioz, burgesia behartu zuen hainbat aitortza ekonomiko eta sozial egitera. Era berean, hainbat herrialdetan garatzen zihoazen prozesu iraultzaileek langileriaren egunerokotasunean eragin positibo zuzena zuten neurri aitzindariak aplikatzea leragin zuen lekuan leku —kalitatezko hezkuntza, abortatzeko eskubidea, lan baldintza duinak…—. Hala ere, askotariko arrazoiak direla medio, ez zen sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa muturrera eramaterik lortu, eta kapitalismoak bai estatu sozialistak eta baita alderdi komunistak ere, proletargo irautzaileak inoiz bizi izan duen porrotik handiena eraginez.
Testuinguru horretan —proletargoaren porrot historikoaren eta egiturazko krisiaren aurrean— hasi ziren sortzen duela urte eta erdi lekuan lekuko Kontseilu Sozialistak, sozialismoaren eraikuntza eta langileriaren unean uneko premiak uztartzeko. Laburbilduz, eguneroko borroka praktikoa eta pentsamendu estrategikoa uztartzeko lan egiten dute Kontseilu Sozialistek; beti ere, borroka konkretuak estrategiarekin loturan abiatuz, sozialismoaren norabidean, eta burgesiaren menpekoak diren prozesu sozialen gaineko disputa mahaigaineratuz. Horretarako, tokian toki, langile autodefentsa sareak, elikagai bankuak, etxebizitza sindikatuak… antolatzen ari gara. Horrela, langile klasearen babeserako instituzio politikoak sortzen ari gara, beti ere, geroz eta esparru gehiagotan grina iraultzailea hedatzeko asmoarekin.
Horregaitik, maiatzaren 1ean, Bilbon —Eliptika plazan— 18:00etan abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Garai ilun hauetan sozialismoaren aierua inoiz baino indartsuagoa izan dadin, instituzio burgesen eraginetik at antolatzea eta borrokatzea besterik ez dugu; finean, askatasun eta ongizate unibertsalen gauzatzea proiektu komunistaren gauzatzearekin bakarrik lortuko baitugu!