EGITARAUA | Mozoilo Eguna ekainaren 3, 4 eta 5ean ospatuko da Galdakaon
Jaia
BINKE / 2022ko maiatza
Mozoilo Eguna ekainaren 3, 4 eta 5ean ospatuko da Galdakaon
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Julio Legarretaetxebarria
Pandemiaren ostean bueltan da Mozoilo Eguna Galdakaora, elkarte askoren artean antolatutako jaia, aurten gainera egun bakarretik asteburu osora igarota. Hemen ezagutu dezakezu jaiaren zergatia eta egitarau osoa.
Mozoilo Eguna elkarte askoren artean sortutako jaia da, aurten lehenengoz —ekainaren 4ko zapatuak indar hartuko badu ere— bere ekitaldiak asteburu osora hedatuko dituena. Ekainaren 3tik 5era ospatuko du Galdakaok pandemiaren osteko lehenengo Mozoilo Eguna, bosgarren edizioa
Aurten gainera beste elkarte bat batu zaie orain artekoei —ondoko zutabean ikusgai antolatzaile guztien zerrenda—: Galdakao Txirrindulari Elkartea. Kirol erakunde honek iaz hasi zuen egitasmo solidarioa aurten ere egiteko asmoa du, eta bere proposamena Mozoilo Egunarekin bat egingo du, Andra Mari Dantza Taldeak Euskal Herriko Dantzari Txikien talde desberdinekin egingo duen bezala, Mozoilo Eguneko egitarauan sartuz.
Horrela ba, Txirrindulari Elkarteak gizartean ekarpen handia egiten duen elkarte baten aldeko gynkana solidarioa antolatuko du, bereziki Ardanza parkean. Baina gainera, txirrindulari talde batek —Igor Anton txirrindulari profesional ohia buru duela— Bizkaiko lau puntu kardinalak batuko ditu egunean zehar, egun osoko ibilbidea Galdakaon amaituta. Amaiera hori arratsaldean zehar gynkanan parte hartzen ibiliko diren txirrindulari gaztetxoek lagunduta egingo dute Plazakoetxetik Ardanzara.
Baina horrez gain, askorako emango du aurtengo Mozoilo Egunak, barikuan pilota partiduekin hasi, zapatuko puzgarri, bazkari eta musikarekin jarraitu eta domekako dantzari txikien emanaldiekin amaituta. Hemen batu du Binkek egitarau osoa:
Ekainak 3, barikua
17:30. Umeentzat esku pilota jokoak, Kurtzeko frontoian.
19:00. Pilota partidak ohorezko mailako afizionatuak, Kurtzeko frontoian.
20:30. Galdakao Kantari, Kurtzeko frontoitik hasita.
Ekainak 4, zapatua
12:00. Puzgarriak eta pintxoak, Ardanza parkean.
12:00. Erronka solidarioa. Bizkaiko 4 puntu kardinalak lotzeko txirrindularien igarotzea herritik.
12:30. Erronka solidarioa. Pintxoa dastaketa, Ardanza parkean.
13:00. Animazioa herritik zehar Da Capo musika bandarekin.
15:00. Mozoilo bazkaria, Kurtzeko plazan.
17:00. Txirrindulari gaztetxoen gynkana solidarioa, Ardanza parkean.
17:30. Kuadrilen arteko lehia, Iturrondo plazatik hasita.
19:45. Erronka solidarioaren bukaera martxa, Plazakoetxetik Ardanzara.
20:30. Erronka solidarioaren amaiera ekitaldia, Ardanza parkean.
20:45. Elektrotxaranga GOTx, Ardanza parketik.
Ekainak 5, domeka
10:30. Artzai txakurrak erakustaldia, Ardanza parkean.
11:30. Txikien kalejira, Kurtzeko plazatik hasita.
13:00. Dantzari txikien emanaldia, Ardanza plazan —euria bada, frontoian—.
17:00. Dantzari txikien emanaldia, Santi Brouard plazan.
Jaialdi hau antolatu duten elkarteak hurrengoak dira: Adiskide, AEK, Andra Mari, Artxate, Berbalagun, Binke, Click&Click, Da Capo, Galdakao Txirrindulari, Ganguren, Patakon, Peña Santa Cruz eta Zizpa.