Plazakoetxeko lurpeko pasabidea itxiko du Galdakaoko Udalak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Gernika kaletik Maximo Moreno parkera doan lurrazpiko pasabidea behin betiko itxi gura du Galdakaoko Udalak. Aurretik ordea, eta Santakurtzei begira, aldamioekin behin-behinean itxi du dagoeneko tunela.
Urteak dira Galdakaoko Gernika kalea N-634 errepidearen azpitik Maximo Moreno parkera zeharkatzen duen pasabideak alternatiba duenetik. Orain semaforo eta zebrabide bitartez gurutzatu daiteke errepide nagusia lurpetik igarotzeko beharrik gabe. Hala ere, pasabide horrek irekita jarraitzen zuen.
Horregatik, eta «gune ezkutua, kritikoa» delakoan, Udalak jakinarazi du «inguru horretatik igarotzen diren pertsonen —batez be emakumeen— segurtasuna areagotzeko helburuz» itxi egingo dela igarobidea. Behin betiko itxi aurretik, ordea, eta horretarako tramiteak gauzatu bitartean, Santakurtzetako jaiei begira aldamioekin itxi du behin-behinean aipatutako pasabidea, «emakumeen segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko helburuarekin».
Neurri honekin, Udalak bere Gobernu Planean hartutako 100 neurrien 99. puntua betetzen ari dela esan du erakundearen komunikazio arduradunak ohar bidez.