ARGAZKIAK | «Poblado Firestone» zenaren lehenengo harriak 75 urte bete ditu
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Kepa Lizarraga
Firestone enpresa handira lanera kanpotik etorri ziren ehunka langileei bizitokia eskaintzeko sortu zuten Olabarrieta auzoa, «Poblado Firestone» bezala ezagutu dena, eta horren lehenengo harria orain 75 urte jarri izana gogoratu zuten atzo, domeka.
Olabarrieta auzo galdakoztarraren lehenengo hazia izan zen autoen gurpilentzako pneumatikoak egiten zituen lantegi handia inguruan kokatu izana, Firestone. Langile asko behar zituen enpresa ezagunak, eta gehienak kanpotik etorritako langileak zirenez, bizitokia ere behar zuten. Behar horri erantzunez sortu zen Galdakaoko Olabarrieta auzoa, «Poblado de Firestone» gisa ezagutzen zena.
Duela 75 urte jarri zuten auzo bihurtuko zen proiektuaren lehen harria eta Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako Auzo Elkarteak antolatuta urteurrena gogoratzeko ekitaldia egin zen domekan, irailaren 25ean. Bertan, meza elizkizunaren ondoren, lehenengo harria oroitzen duen monolitoaren bueltan ekitaldi xumea egin zuten —eraberritu berri den monolitoa, gainera—: auzoko zenbait emakumek Ohorezko Agurra dantzatu zuten eta harriaren bueltan auzoko pertsonarik nagusienak eta gazteenak hartu zuten parte.
Ekitaldi horretan izan ziren, hainbat auzotarrekin batera, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea eta Udala osatzen duten alderdi desberdinetako kideak, tartean oposizioan dauden EAJ eta PSE-EEko zinegotziak ere. Olabarrietan gaur egun 282 bizilagun daude erroldatuta eta auzoan bizitzearen garrantzia nabarmendu zuten ekitaldian auzotar askok.