EAJk gogor kritikatu du Galdakaoko Udal Gobernuak «Santakurtzetako istiluen aurrean» duen isiltasuna
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Unai Morán @clicketaclick
Santakurtzetan izandako «istilu larrien, Udaltzaingoaren inmobilismoaren eta ekitaldi tradizional batzuk egitarautik kanpo utzi izanaren» aurrean azalpenak eskatu dizkio Galdakaoko EAJk Udal Gobernuari. Albiste honetan batu du Binkek jeltzaleek zehazki kritikatzen dutena.
Galdakaoko Santakurtzek iraun bitartean, egun handian zehatzago izanda, EAJk eman zuen bere ezinegonaren berri sareen bidez. Sare sozialetan ez ezik, «alkateari berari ere pertsonalki aurrez-aurre» ezinegon hori helarazi zion oposizioko alderdi nagusiak: aurtengo Santakurtzetan gertatutako «istiluek eta egoera desatsegin batzuek» sortu dute jeltzaleen kritika, gehiago egoera horien aurrean «egungo Udal Gobernuak hartu duen isiltasunak».
Sareetatik harago alderdi jeltzaleak gogor kritikatu du ohar bidez «jaien esparruan isitilu larriak egon izana eta Udal Gobernuak ezer egin ez izana» horren aurrean, Udaltzaingoaren «inmobilismoa» ere salatuz: «Iturrondo plazaren inguruan bizi diren pertsona askoren kexei erantzuteko eskatu dio alderdiak Udalari, txosnen ordutegia, borrokak, udaltzaingoaren immobilismoa eta abar direla eta». Gainera, eskaera horrekin batera, «garbiketako brigadek txosnen esparrura sartzeko izan zituzten oztopo eta zailtasunei erantzuteko» eskatu dio EAJk Galdakaoko Udalari.
Jeltzaleen ustez, ezarritako larrialdi-dispositiboaren zerbitzua «oso mugatua» izan da, ordutegiari eta jardunari dagokionez. Era berean, talde berak azalpenak eskatu ditu «txosnen esparruan izandako tentsio handiei eta erakundeen arteko liskarrei» buruz.
Hori bakarrik ez eta, aurretik aipatutakoei, Euzko Alderdi Jeltzaleak ondoko gaiei buruzko informazioa jasotzeko eskaera ere egin dio alkatetzari: emakumeen komunetako ordutegiari buruz eta Santakurtz egun handiko meza-elizkizuna zein musika bandaren kontzertua egitarau ofizialetik kendu izanaren gaineko zergatia.
Kritika hauen aurrean Udal Gobernuak esateko duenagatik galdetu dio Binkek prentsa arduradunari, eta honek erantzun: «EAJk idatziz aurkeztu duen gutunari idatziz erantzungo zaio bihar, puntuz puntu». Erantzunaren berri ere ematen saiatuko da Binke, izan bezain pronto.