Santakurtzetako ustezko eraso sexista gaitzetsi du Udalak ere
TESTUA: Galdakaoko Udala
ARGAZKIA: Binkeren artxibotik
Elkarretaratzea egingo da gaur Santakurtzetan ustez gertatutako eraso sexista gaitzesteko, eta horren harira, Galdakaoko Udalak adierazpen instituzionala argitaratu du. Hemen hitzez hitz.
Galdakaoko aurtengo Santakurtzetan ustez gertatutako eraso sexista gaitzesteko gaur elkarretaratzea deitu du Momoak Talde Feministak, eta horren harira ere, Galdakaoko Udalak, bere osotasunean, adierazpen instituzionala argitaratu du.
Hona hemen Udalaren adierazpena hitzez hitz:
«Galdakaoko Udalak, talde politiko guztien adostasunarekin, adierazi nahi du irmoki gaitzesten duela udalerrian gertatu den eraso matxista. Aldi berean, Udalak babes eta laguntasun osoa adierazi nahi die erasoa jasan duen pertsonari eta haren hurrekoei.
Udalak gertaeraren berri izan duen momentutik bertatik eta informazioaren nondik norakoak baieztatu ostean, gaiaren gaineko ikuspegi zehatza eta osoa izate aldera, Protokoloa aktibatu eta premiazko batzarra deitu du informazio guztia batu eta erakundearen erantzuna nahiz biktimarenganako laguntasuna koordinatzeko.
Matxismoa lehen mailako gaitz soziala da eta berau sufritzen nahiz aurre egiten dioten emakumeen dignitatearen, osotasun fisikoaren eta moralaren aurka egiten du.
Hala, bada, Galdakaoko Udalak, behar diren neurriak sustatuko ditu edozelako eraso matxistaren aurrean udalerriko entitateen eta hiritarren erantzun argi eta berehalakoa eman dadin, erasotua lehenbailehen artatua izan dadin, indarkeriari aurre egiteko emakumeek behar dituzten jarduera prebentiboak garatu eta erasotzaileen inpunitate soziala onartu ez dadin.
Udalak berba ematen du, bere eskumenen esparruan, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askea bermatzeko lan egingo duela.
Horregatik guztiagatik, eta biktimaren baimenarekin, Udalak babestu egiten ditu mugimendu feministako taldeek egingo dituzten gaitzespen ekintzak, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu horietan parte hartzera».