Josemi Olazabalagaren masterclass saioak berriz antolatuko dituzte Torrezabalen
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Bueltan dira, bigarrenez, Josemi Olazabalaga sukaldari galdakoztarraren doako eta zuzeneko masterclass-ak Torrezabal Kultur Etxera, urriaren 26tik aurrera. Joateko interesa duzu? Ez galdu ondoko informazioa!
«Udaberrian eduki zuen arrakasta ikusita, Josemi Olazabalaga sukaldari galdakoztarrak udazkeneko sukaldaritzaren inguruko masterclassak eskainiko ditu Torrezabal Kultur Etxean». Horrela iragarri ditu Galdakaoko Udalak urriaren 26tik aurrera berriro eskainiko dituen zuzeneko saioak.
Aizian jatetxeko sukaldariak lau eguaztenetan eta Udalak publikoarentzat doan antolatuta, Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusiak bigarren txandan hartuko ditu Olazabalagaren ikastaroak. Saio guztiak 18:00etan hasiko dira doan. Baina, udaberrian bezala, aurretik gonbidapena eskuratu behar izango da Torrezabal Kultur Etxeko txarteldegian, udalaren webgunean, www.galdakao.sacatuentrada.es atarian, eta leihatilan ekintza hasi baino ordubete lehenago, lekuak amaitu arte.
Hauek izango dira saioetako datak: urriak 26, azaroak 9, 23 eta abenduak 14.
Udalak, gainera, bere webgunean atal propioa eskaini die ikastaro hauei eta bertan batu ditu sukaldari galdakoztarrak egin dituen eta egingo dituen errezeta guztiak.