EGITARAUA | Udazkeneko Sormene azaroaren 10ean hasiko da
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Sormeneren edizio berriak Amatasuna lan ildoan sakonduko du, sorkuntza eta euskararekin batera. Horretarako ekintzak azaroaren 10etik 13ra antolatu dituzte Torrezabalen; hemen egitarau osoa.
Udazkeneko Sormene Galdakaoko sorkuntzen plazaren edizio berria aurkeztu zuten eguaztenean, urriak 26, prentsa aurrean; Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Edurne Espilla Euskara zinegotziak, Gaizka Chamizo aktoreak eta Ane Legarreta orkestra zuzendariak —azken bi hauek Sormeneren talde aholkularia dira—, Gotzon Barandiaranek —ekimenaren zuzendari artistikoa dena— eta Irene Zarrabeitiak —Marie de Jongh antzerki konpainiako komunikazio arduradunak—.
Oraingo edizio hau Torrezabal Kultur Etxean antolatuko da, aurreko udaberrikoa ez bezala, eta azaroaren 10etik 13ra izango da. Espilla Udaleko Euskara zinegotziak «euskal sortzaileentzako plaza» dela azpimarratu du, «Galdakaoko zein Euskal Herriko sortzaileentzako, hasi berriak direnentzako eta eskarmentua dutenentzako, kultur adierazpide guztientzako plaza da». Gainera, Sormene emakumeentzako plaza ere badela gogoratu nahi izan du, eta udazken honetan egitasmo hau aniztasunaren isla izan nahi duela.
Hernando alkateak euskal kulturan «hutsunea zegoela» aipatu du, eta horregatik egin zutela apostu Udaletik proiektu honen alde. Herriarentzat horrelako ekimen bat oso garrantzitsua dela nabarmendu du, euskarari, kulturari, eta era berean Galdakaori «erreferentzialtasuna» ematen diolako.
Azken edizioetan Transmisioa ildoan sakondu gura izan da, udazkeneko proiektuan aldiz Amatasuna landuko da —amatasuna, sorkuntza eta euskara izanik lan ildoak—, Barandiaranek azpimarratu duenaren arabera, azken boladan «gai horren inguruko lan asko plazaratu baitira», eta 2021 eta 2022an bereziki, lan horien egileak emakume sortzaileak izan direlako.
Hona hemen egitarau osoa:
- Azaroak 10, eguena.
Goizean: ilustrazio tailerra ikasleentzat Eider Eibarren eskutik. Amatasunaz, sorkuntzaz, transmisioaz eta euskaraz margotuko dute.
19:00. Euskaraz sortu. Emanaldi berezia Euskaraldiaren alde.- Ane Labaka eta Miren Amuriza —bertsolari eta idazleak—: emanaldia gidatu eta iruzkinduko dute bertsotan.
- Esti Markez —musikaria— eta Danae Riaño —musikari eta aktorea—: Esti Markezen «Hitzekin jolasean» diska berriaren lagin bat eskainiko dute.
- Nagore Muriell —zinemagilea—: «Erro bi» laburmetraia aurkeztuko du.
- Azaroak 11, barikua.
Goizean: dantza tailerra ikasleentzat Oier Araolazaren eskutik.
20:00. Dantza eta bertsoa uztartzen duen AMAraun ikuskizuna Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagak aurkeztuta. - Azaroak 12, zapatua.
17:30. Familia osoarentzako ikuskizuna: Marie de Jongh konpainiaren «Amour». Maitasuna zentzu guztietan erakusten da obran.
22:00. Neomak taldeak bere lehen diskoa aurkeztuko du. - Azaroak 13, domeka.
19:00. Trapu Zikinak antzezlana, Lore More antzerki konpainiaren eskutik. Geuretik Sortuak egitasmoarekin elkarlanean.
Sortzaile eta emanaldiei buruzko oinarrizko informazioa www.sormene.eus webgunean.
Barandiaranek, Sormeneren zuzendari artistikoak, prestatutako egitarau osoa lan ildoak jarraitzen dituzten edukiez osatu dela gogorarazi du. Azkenik, Chamizo aktore galdakoztarrak, kultura, hezkuntza eta osasunaren garrantzia nabarmendunahi izan du, «kulturak elikatu egiten gaituelako eta identitatea ematen digulako». Sormenek sortzaile guztiei eskaintzen diela lekua aipatu du, eta «Euskal Herriko kultura politikaren apostua« eskertu du.
Hauek dira Sormeneko taldeak finkatutako bost helburu nagusiak:
- Sormene plazara gonbidatzea Euskal Herriko kultur proiektu aurrerazaleak.
- Euskarazko kulturara erakartzea herrialde guztietako euskaldunak.
- Kulturaren zaleak sortzea eta sustatzea.
- Sortzaileak izango diren zaleak adoretzea eta trebatzea.
- Euskal kulturaren transmisioa bermatuko duen espazioa prestatzea.