Adinekoei zuzendutako ekintza bi antolatu ditu Galdakaoko Udalak martxoan
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: J. O.
Urtean zehar adinekoei zuzendutako hainbat ekintza antolatzen ditu Galdakaoko Udalak eta martxoan bi egingo ditu. Zehazki, Pobaleko burdinolara irteera kulturala eta Meatzaldetik mendi-ibilbidea egingo dituzte.
Bidaiak, tailerrak, bisita kulturalak… zaletasun guztiei zuzendutako ekintzak antolatzen ditu Udalak adinekoentzat. Martxoan Meatzaldea ezagutzeko aukera eskainiko du, izan ere, bi ekintza antolatu ditu eskualdean.
Hilaren 16an irteera kulturala antolatu du Pobaleko burdinolara. Honetan, Bizkaiko industriaurreko jarduerarik garrantzitsuenetako bi ikusteko aukera izango dute ekintzan parte hartzen dutenek: burdingintza eta errotaritza. Horrela, bisita honetan bi makina hidraulikoak martxan ikusi ahal izango dira. Gehienez ere 34 pertsonarentzako lekua dago eta jada izena eman daiteke adinekoen dinamizazio zerbitzuan. Bakoitzak bi izen eman ahal izango ditu, gehienez.
Martxoaren 30ean aldiz, mendi irteera egingo dute. 14 kilometroko ibilbidea izango da Muskizen barrena, Kantabriako mugaraino. Gehienez hogeita hamar pertsonek eman ahal izango du izena adinekoen dinamizazio zerbitzuan martxoaren 17tik aurrera; gehienez bi izen pertsonako.
Bestalde, Udalak gogorarazi du adinekoen dinamizazio zerbitzuak aisialdirako jarduerak proposatzen dituela, IMSERSOko bidaien inguruko informazioa eta jubilatu eta pentsiodunentzako informazioa (Terma programan, garraioetan deskontuak…) eskaintzen duela eta orotariko kontsultak eta aholkularitza ematen dituela.
Guztia ordutegi honetan: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan 10:00etatik 13:30era, eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara Gizarte Ekintzako bulegoan edota 944 010 545 telefonoan.