Adinekoei zuzendutako lau ekintza antolatu ditu Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Good Life Studio
Jende berria ezagutu eta aisialdiaz gozatzeko helburuz, adinekoei zuzendutako lau ekintza antolatu ditu Galdakaoko Udalak. Besteak beste, Itsas-Museora irteera, Serantesera ibilaldia, arte eta pintura ikastaroa eta Huescara bidaia eskainiko ditu urtarrila eta otsailean zehar.
Urtea gogoz hasteko aukera izango dute Galdakaoko adinekoek, izan ere, Udalak zaletasun guztiei zuzendutako lau ekintza antolatu ditu urtarrilean eta otsailean. Udalaren esanetan, «jendea ezagutzeko eta norbere buruarekin baliagarriago eta gusturago sentitzeko» helburua dute jarduerek.
Urtarrilaren 24an irteera kulturala antolatu dute, hain zuzen, Bilboko Itsas-Museora. Han pasa den mendeko Bizkaiko ontziolen historia aztertzeko aukera izango da, tresnen, lanbideen eta arrantzaren bilakaeraren bidez. Hogeita lau pertsonarentzako lekua dago eta hilaren 13tik aurrera eman daiteke izena Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan. Bakoitzak bi izen eman ahal izango ditu, gehienez.
Mendizaleak aldiz, Serantes mendian ibili ahal izango dira hilaren 26an. Mamarigan izango da txangoaren hasiera eta hogeita hamar pertsonarentzako lekua izango da bakarrik. Honetan ere, bakoitzak bi izen eman ahal izango ditu gehienez.
Bestalde, otsailaren 1etik martxoaren 22ra, asteazkenero, arte eta pintura ikastaroak izango dira Torrezabalen 11:00etatik 12:30era. Artearen Historiako inpresionismoa eta postinpresionismoa, XIX. mendearen amaieran Frantzian sortutako mugimendu artistikoa eta Euskal Herriko egile nabarmenek izan zuten garrantzia aztertuko dira saioetan. Urtarrilaren 11an irekiko da izena emateko epea Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan.
Azkenik, Cemo Bidaia Agentziarekin lankidetzan, Huescara bidaia antolatu du Udalak. Sei eguneko autobus ibilbidea eskainiko dute, zeinetan lurraldeko hainbat toki bisitatuko dira. Besteak beste, Erdi Aroko Jaka, Hecho eta Anso, Canfranc, Ordesa, Torla, San Juan de la Peña, Huesca eta Loarre Gaztelua ikusteko aukera izango dute bidaia honetan izena ematen dutenek.
Informazio gehiago eskuratu daiteke Pontzi Zabala kalean kokatuta dagoen Gizarte Ekintzako bulegoan edo 944 010 545 telefonora deituz.