Adinekoei zuzendutako lau ekintza antolatuko ditu Galdakaoko Udalak urrian
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Urtean zehar adinekoei zuzendutako hainbat ekintza antolatzen ditu Galdakaoko Udalak eta urrian lau egingo ditu. Zehazki, memoria estimulatzeko ikastaroa, parke bio-osasungarriei buruzko hitzaldiak, Agurtza atunontzira eta Santurtziko Itsas Museora irteera eta mendi ibilbidea eskainiko dituzte.
Galdakaoko Udalaren Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak lau ekintza antolatuko ditu urrian zehar adinekoei zuzenduta, «jendea ezagutzeko eta norbere buruarekin baliagarriago eta gusturago sentitzeko» helburuz.
Urriaren 20tik otsailaren 16ra bitarte memoria estimulatzeko ikastaroa eskainiko da ostiralero Aperribain 10:00etatik 11:30era, eta Izarran 12:00etatik 13:30era. Ekintzan izena emateko epea urriaren 11n zabalduko da Adinekoak Dinamizatzeko zentroan, eta pertsona bakoitzak bi izen eman ahalko ditu gehienez.
Bestalde, parke bio-osasungarriei buruzko hitzaldiak eta praktikak eskainiko dira, «herritarrak aire zabalean kokatuta dagoen gimnasiora hurbildu eta era eraginkorrean jarduera fisikoa egiteko» helburuz.
Elkarbizi elkartean urriaren 16an emango da hitzaldia 17:00etatik 18:30era, eta praktika, aldiz, urriaren 23an, ordu berdinean. Danok Aurreraren egoitzan, urriaren 17an eta 24an egingo dira hitzaldiak eta praktikak, hurrenez hurren, 17:00etan hasi eta 18:30ean bukatuta.
Gure Etxea elkartean urriaren 18an egingo da hitzaldia, eta 25ean praktika 17:00etatik 18:00era; eta azkenik, Etxea Anaitasunean, urriaren 19an eta 26an gauzatuko dira ekintzak, 17:00etatik 18:30era.
Hilaren 24an aldiz irteera kulturala antolatuko dute Agurtza atunontzira eta Santurtziko Itsas Museora. Bisitak bi orduko iraupena izango du gutxi gorabehera eta gehienez 25 pertsonarentzako lekua egongo da. Izena eman beharko da Adinekoak dinamizatzeko zentroan, urriren 13tik aurrera eta pertsona bakoitzak bi izen bakarrik eman ahalko ditu, gehienez.
Azkenik, hilareen 26an mendi ibilbidea antolatuko dute, Ekoetxea sareko Peñas Negras interpretazio zentrotik El Sauco meatze auzoraino doan 9,5 km-ko ibilbide zirkularrean. Izen ematea Adinekoak Dinamizatzeko bulegoetan egin beharko da urriaren 16tik aurrera.
Informazio gehiago ezagutu daiteke eguaztenetan eta barikuetan 10:00etatik 13:30era eta eguenetan 16:00etatik 18:00etara Gizarte Ekintzako bulegoan edo 944 010 545 telefono zenbakian.