Adinekoentzako arreta zerbitzua eskainiko da udaletxean gaurtik aurrera
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Pertsona nagusiak hirugarren pertsonen laguntzarik gabe tramitazioak egin ahal izateko Esan Adinekoak arreta zerbitzua jarri da martxan gaur, eta eguazten eta eguenetan eskainiko da 10:00etatik 12:00etara.
Pertsona nagusiek autonomia landu dezaten eta familiako kide edo beste pertsona batzuen laguntza behar ez izateko, Esan Adinekoak zerbitzua jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Zerbitzua eguazten eta eguen guztietan eskainiko da 10:00etatik 12:00etara gaurtik hasita, urriak 26. Helburua adinekoek tramitazioak egin ahal izateko erraztasunak jartzea da, Udalarekin komunikazio zuzena bermatuz. Horretarako, udaletxeko beheko solairuan, eskuinaldeko bulegoan, udal-langile batek hartuko die, zalantza guztiak argitzeko eta edozein kudeaketarekin moldatzen laguntzeko.
Herritarrek galdeketetan eta prozesu parte-hartzaileetan behin eta berriz eskatu dutela iragarri du Udalak, «harremanetan jartzeak edota tramitazioak egiten ez asmatzeko beldurrak bereziki urduritzen» dituztelako pertsona nagusiak. Galduta sentitu daitezke askotan eta egoera hori ekiditeko arreta bulego bat eskatzen zuten galdakoztarrek.
Udalak hala ere, «galdakoztar guztiek bere herriko etxera lasaitasunez joateko aukera izatea nahi du», horregatik jarri du zerbitzua udaletxean bertan. Aurretik aipatutako udal-langileak formazioa «espresuki» jaso duela iragarri dute, pertsona nagusiak izan ahal dituzten kezka eta galdera guztiak entzun eta bideratzeko.
Zerbitzua astelehenean aurkeztu zuen Iñigo Hernando alkateak, Esan Adinekoak zerbitzuaren arreta emateaz arduratuko den langilearekin batera eta Pentsiodunen Mugimenduko zein adineko pertsonentzako zentroetako ordezkarien babesarekin. Gaurtik hasita eguaztenero eta eguenero eskainiko da, eta behin jarrita, aurrez aurreko lanketarekin antzematen diren beharren arabera egokituko da.