«Aitita ta amamak seintzain»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2020ko urtarrila
Lehenago, gure baserrietan normala zan hiru belaunaldi batera bizitea, eta aitita-amamak zaintza lan handia egiten eben sein edo haur txikiakaz arduratzean. Lan eder hori «seintzain» izenagaz ezagutzen dogu Gorbeialdean, hau da: sein+zain > seintzain.
Eta etxean bakarrik ez, lehenago neskato eta andra asko, seintzain joaten ziran modudun etxeetara, bai herriko bertakoetara eta bai Bilbokoetara be.
Urteak joan urteak etorri, gure herriak uritartu egin jakuz eta baserri askotako jendea pisuetan bizitzera etorri. Jakina, aitita-amama bako pisuetan, beste era batera konpondu behar izaten zan umeen seintzaro edo haurtzaroan.
Aspalditxuan, ostera, aitita-amama ugari ikusten da seintzain gaurko gurasoei laguntzeko. Laguntza hori ez da beharren dabilzan gurasoak dirua aurreratzeko bakarrik, ez, aitita-amamak seinak zaintzetik aparte, maitatu eta heziten arduratzen dira euren odolekoak diralako.
Aitita-amama eskura daukiezan gurasoak pozik egoteko dagoz eta euskaldunak badira pozago, euren iloben euskerak eta euskal kulturak bizirik iraungo daualako etorkizunean. Aupa gure aitita-amamak!