Aitor Esteban eta Imanol Pradales, besteak beste, Usansolon egon ziren
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EAJ-PNV
EAJko zenbait kide Usansolon izan ziren urtarrilaren 13an, Pedro Sanchezi talde jeltzaleak Madrilen erakutsi duen «leialtasun eta asmo berberarekin» aritzea eskatzeko. Ekitaldian Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak eta Imanol Pradales jeltzaleen lehendakarigaiak parte hartu zuten, besteak beste.
EAJ-PNVk akordioa sinatu zuen PSOErekin Pedro Sanchezen inbestidura saioan baietza emateko eta horretan, besteak beste, udalerri izateko biztanle kopuruaren exijentzia 5.000tik 4.000ra jaistea batu zuten, Usansolo udalerri izatea ahalbidetuz.
Abenduaren 28tik da Bizkaiko 113. udalerria Usansolo, Espainiako Gobernuak egun horretan Tokiko Erakundeen Erregistroan inskribatu ostean.
Urteko borrokaren ostean lortutako segregazioa ospatzeko EAJko hainbat ordezkari Usansolon izan ziren urtarrilaren 13an. Ekitaldian Aitor Esteban jeltzaleen Espainiako Kongresuko bozeramaileak ziurtatu zuen, alderdiak «poz handiarekin» hartu zuela «denbora eta era egokian bete izana Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek inbestidurarako izenpetu zuten akordioan jasotzen den puntua», Usansoloko segregazioari erreferentzia eginez.
Halaber, Sanchezi EAJk Madrilen erakusten ari den «leialtasun eta asmo berberarekin» aritzea eskatu zion. «Legealdiko lehen hilabete hauetan argi geratu da EAJ-PNV erantzukizunez, leialtasunez eta asmo handiekin ari dela», aldarrikatu zuen Estebanek.
Estebanek Usansoloko Unkina Plazan egin zuen agerraldia Imanol Pradales jeltzaleen lehendakarigaiarekin, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentearekin, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanoberekin, Bizkaiko senatari Nerea Ahedorekin eta Iñigo Bilbao Usansoloko Uri Buru Batzar jeltzalearen presidentearekin batera.