EAJ-PNVk Padurako Alderdikide Eguna antolatu zuen lehenengoz domekan, eta bertan izan ziren, besteak beste, Javi Zorriqueta Galdakaoko EAJren alkategaia eta Aitor Esteban EBBko presidentea. Estebanek hitzaldia eskaini zuen, eta «antifaxismo gutxiago eta herrigintza gehiago» egitea eskatu zion Arnaldo Otegiri.
EAJ-PNVren alderdikide eta jarraitzaileak batu ziren domekan Galdakaon. Jeltzaleek Padurako Alderdikide Eguna antolatu zuten lehenengoz, eta gure herrian egin zuten. Horrela deitu zuten Padura eskualdeak Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña, Usansolo, Zaratamo eta Zeberio udalerriak hartzen dituelako EAJ-PNVren egituran.
Hitzorduan dozenaka lagun batu ziren, eta besteak besteak, Javi Zorriqueta Galdakaoko EAJren alkategaiak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Aitor Esteban EBBko presidenteak parte hartu zuten egun osoko egitarauari hasiera eman zion ekitaldi politikoan.
Bertan, Estebanek EAJren kudeaketa defendatu zuen: «Euskadiko egonkortasuna eta funtzionamendu ona ez dira berez sortu. Herri hau gobernatzeko modu zehatz baten ondoorio dira. EAJrena. Hau ez da kasualitatez gertatu. Ziurgabetasun garai hauetan Euskadi ordezkatzeko, antolatzeko, babesteko eta aurrera eramateko indar zentrala gara. Kalera! Lanera! Ekin ta ekin! Aurrera jeltzaleok!».
Bestalde, EBBren presidenteak Arnaldo Otegi EH Bilduko buruari erantzun zion. «Bitxia da segurtasunaz eta lasaitasunaz hitz egitean halako harrokeriaz egiten dutenek EAJri horren denbora luzea dedikatzea. Urduri jartzen hasi al dira?», galdetu zuen Estebanek.
«Agindu antifaxistaz hitz egiten dute, den-dena estaltzen omen duen mantraz; bien bitartean, guk enpleguaz hitz egiten dugu, industriaz eta ongizateaz. Mitinetarako antifaxismo gutxiago eta herrigintza gehiago. Beren udalak geldirik daude. Ez dute ezer egiten, ez dute ezer konpontzen, ez dute inolako proiekturen alde egiten. Isiltasunaren legea, horixe da euren agindua», adierazi zuen EBBko presidenteak.
«Madrilen EH Bilduk isiltasunaren lege berbera darabil. Kritika bakar bat ere ez. Antza denez, kezkarik txikiena ere PSOEren inguruan gertatzen ari denaz», azaldu zuen ildo beretik.
Otegik, bere aldetik, Galdakaon Estebanek egindako adierazpenak deitoratu ditu Radio Euskadin, modu oso laburrean esanez: «PSOE kritikatzen dugulako ari gara txarto? Txarrago ari dira EAJkoak, eurekin gobernatzen baitute!».
Estebanek PP alderdiarentzat ere kritika izan zuen, eta «irainaren eta kontraesanen errege» deitu zituen.
Azkenik, EBBren presidenteak Galdakaoko alkategai jeltzale Javi Zorriqueta animatu zuen «herritarren konfiantza lortzera eta udalerria gaurko paralisi egoeratik ateratzera».
Ostean, Zorriquetak hitza hartu zuen, eta proposamen errealistak eta bideragarriak aurkeztu behar direla aldarrikatu zuen, hiritargoari hurbiltasunetik landutakoak: «EAJn ez gara ezinezkoak saltzen dituzten horietakoak, errealitate bihurtu ahal diren proiektuak eskaintzekoak baizik».
Galdakaoko alkategaia kritiko agertu zen gaurko Udal Gobernuaren kudeaketarekin eta gogora ekarri nahi izan zuenez «EAJ-PNVk egin zituen gauza asko kritikatu egin zituzten eta aldatuko zituztea hitzeman zuten». «Zortzi urte geroago aldaketa hori zertan geratu ote da?», galdetu zuen.
Hitzartearen ostean, mokadutxoa hartu eta musikaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek.




