Aitor eta Galderren aldeko Elkartasun Eguna antolatu du Zizpak zapatuan
Politika
BINKE / 2022ko apirila
Aitor eta Galderren aldeko Elkartasun Eguna antolatu du Zizpak zapatuan
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Turrune.com
Aitor Zelaia eta Galder Barbado arabarren aurkako epaiketa salatu eta hauen absoluzioa eskatzeko Elkartasun Eguna antolatu du biharko, zapatua, Zizpa Gazte Konpartsak Galdakaon. Hemen kartela eta egitaraua.
Galdakaoko Zizpa Gazte Konpartsak Aitor Zelaia gasteiztarraren eta Galder Barbado amurrioarraren alde elkartasuna adierazteko sortu den «Ankerkeriari Stop» ekimenarekin bat egingo du bihar, apirilak 30 zapatua.
Horretarako, 10:30ean pala txapelketa Kurtzeko frontoian, 13:00ean poteo girotua Herriko Bentatik hasita eta Herriko Bentan egingo duten herri bazkaria antolatu dute 15:00etarako. Herri bazkarian izena emateko tabernan bertan egin daiteke edo Zizparen Instagram kontutik. Horretarako, 10€ ordaindu beharko ditu kide bakoitzak.
Zelaia eta Barbado 2019ko otsailean atxilotu zituen Ertzaintzak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Sententziak «lehergarriak egiteko elementuak gordetzea» egozten die bi gazteei, eta sei hilabete egon ziren preso, baldintzapean eta epaiketaren zain aske geratu ziren arte. Orain ordea, lau urteko espetxe zigorra ezarri gura diete.
Horregatik, eta «bi gazte haien militantzia politikoagatik epaitu nahi» dituztela salatuz, Aitor eta Galderren aldeko Elkartasun Eguna antolatu du Zizpak Galdakaon eta adierazi: «Guk argi diogu, ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartuko».