Aitor Montesi babesa adierazteko elkarretaratzea deitu dute biharko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Goiena
Aitor Montes mediku galdakoztarrak Aramaion zerbitzua euskaraz eskaintzeagatik jazarpena jaso duela salatu du Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Arrasateko protokoloak eta honi babesa adierazteko elkarretaratzea deitu dute biharko, abenduak 1. Kontzentrazioa Arrasateko ospitalean izango da, 13:00ean.
Hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapena egin du urteetan zehar Aitor Montes mediku galdakoztarrak, izan ere, jazarpena jaso du zerbitzua euskaraz eskaintzeagatik. Ahalegin horrek askotariko jazarpenak jasan behar izatea ekarri dio Montesi, besteak beste, kargu hartzeak, mespretxuak eta mehatxuak.
Hau bera berriz gertatu zaiola salatu du orain Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Arrasateko protokoloak eta elkarretaratzea deitu du. Montesi babesa eta elkartasuna adierazteko agerraldia bihar izango da, abenduak 1, Arrasateko ospitalearen aurrean 13:00ean.
Aramaoin egiten du lan Montesek eta horregatik, Debagoieneko ESIko zuzendaritzari gogoratu diote erakunde publikoen betebeharra dela «euren zerbitzuak euskaraz eman eta jasotzeko eskubidea bermatzea». Halaber, Montesek, zein zerbitzu publikoetako beste edozein langilek, «lana euskaraz egiteko daukan eskubidea babesteko» eskatu diete buruei.