Aldatzsolo taldeak ez du Santa Ageda bezperan kantatzen jarraituko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Aldatzsolo txokoa
Santa Ageda bezperan kantatu du urteetan zehar Aldatzsolo taldeak baina pandemiaren ondorioz bertan behera utzi eta gero, ez dute jarraituko. Taldearen sortzaileetako bat den Roberto Perezekin hitz egiteko aukera izan du Binkek.
Pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan ziren hainbat jarduera eta ekitaldi. Haien artean, Santa Ageda bezperan Galdakaon kantatzen zuen Aldatzsolo taldeak geldiunea egin zuen. Horren ostean, jaia normaltasunez ospatuko bada ere, ez dute abesten jarraituko.
«Ondo aritu gara hainbat urtetan zehar baina pandemiak jo zigun eta hau dala, bestea dala, uzten joan gara. Gainera, nik uste gauzak hasi, garatu eta noizbait bukatu behar direla», aitortu dio Binkeri Roberto Perezek, sortzaileetako batek.
Duela hogei urte baino gehiago jaio zen Aldatzsolo taldea, 2001ean zehazki. «Mamarigakoa naiz eta nahiko eremu erdalduna da hau. Nik neguetan ikusten nuen talde bat agertzen zela kantatzen ulertzen ez nuen hizkuntza batean. Hau Santa Ageda kanta zen eta niretzat oso gauza misteriotsua zen. Hortaz, beti izan dut hori egin ahal izateko grin hori eta nire kuadrilako batzuekin eta txokoko beste batzuekin lortu nuen talde bat osatzea», azaldu du Perezek.
Zuzendari moduan Luis Ángel Ortega aukeratu zuten eta berarekin batera Santa Agedako betiko kantak eta Arratiako koplak tartekatzen hasi ziren. Hogei pertsona inguru izan dira beti taldean, jende asko joan eta berriak etorri direla urte hauetan. Hala ere, finko mantendu diren kide batzuk daude, besteak beste, Luis Ángel Ortega, Pedro Mari Aizarna, Txema Ipiña, Ander Zuluaga eta Roberto Perez bera.