Alize Mintegi galdakoztarra, BBC telebista-katean Athletic Clubeko anfitrioi
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: BBC telebista-katea
Ingalaterrako BBC telebista-katearen telesail batek Athletic Club aukeratu zuen «Europako futbolaren lau hiriburuen» artean. Bilbora etorri ziren grabatzera, eta klub bizkaitarrak Alize Mintegi Binkekide galdakoztarra aukeratu zuen anfitrioi lanak ingelesez egiteko. Bideoa argitaratu eta lehenengo egunean 400.000 bisitatik gora ditu YouTuben. Hemen ikus dezakezu!
Erresuma Batuko telebista-kate ospetsuak Bilbo aukeratu zuen «Europako futbolaren lau hiriburuen» artean, ‘Fan for a day —jarraitzailea egun batez—’ izeneko telesailean. Horretarako telesail honen kazetariak Bilbora etorri ziren grabatzera. Bizkaiko hiriburuaren aurretik, BBC Amsterdamera (Ajax) eta Munichera (Bayern) joan zen. Bilboren osteko hurrengo eta azken kapitulua Porto hiria da, izen bereko klubarekin.
Bilbora joateko baina, BBC Athletic Clubekin harremanetan jarri zen, eta honek Alize Mintegi aukeratu zuen Euskadin lehorreratu ziren hiru erreportarien gidari izateko. Mintegi galdakoztarra da, Binkekidea eta, denaren gainetik noski, athleticzalea.
Sei minutu pasatxoko erreportajea grabatu zuten ingelesek berarekin, eta San Mamesera gozatzera —edo sufritzera— ere joan ziren, Iñigo Cabacas Herri Harmailara. Aukeratutako eguna martxoaren 12a izan zen, Bartzelonaren bisitarekin batera (0-1). Zale zuri-gorriek ‘Negreira auzia’ salatzeko jaurtitako billete zaparradagatik eta Iñaki Williamsi baliogabetutako gol polemikoagatik gogoratuko du athleticzaleak norgehiagoka hura.
Mintegi Londoneko Mr. Pentland peñako kidea da, orain 13 urte sortutakoa. Galdakoztarra bertan urtebetez bizi izan zenean elkartu zen taldera, eta lotura ezin hobea iruditu omen zitzaien klubeko arduradunei eta BBCko kazetariei balio zuri-gorriak Ingalaterrako telebistari transmititzeko.
Erreportajea honezkero ikusgai dago BBC katearen kirolen YouTubeko kanalean. Kanal honek 647.000 harpidedun ditu eta apirilaren 26an argitaratu zuten, eta Alize Mintegi anfitrioi duen bideoak 4.200 ikustalditik gora jaso ditu lehenengo egunean.