Lehoinabarra
Aitzol Altuna Enzunza
BINKE / 2022ko maiatza

Amaiurko gaztelua, 500 urte

Nafarroako baskoien Estatua zatika joan ziren inperialistak azpiratzen. XII. mendean kostalde osoa konkistatua izan bazen, XVI. mendean erreinuaren ardatzari tokatu zitzaion: Goi Nafarroari. Gaztelako Isabel erregina hilda zegoela, Aragoiko Fernando Errege Katoliko edo Faltsutzailearen Espainiako gudarostea Aguraindik sartu zen 1512ko uztailean. Konkista hartan, hainbat nekazari eta abeltzain galdakoztarrek parte hartu zuten bete beharreko zerbitzu militarrean —olagizonak libre zeudelarik—, Bizkaiko Jauna ere zen Fernando, ondasunak eta bizitza galtzearen mehatxupean.

Henrike «zangotzarra» errege euskaldunak gidatuta, nafarrok, frantses eta gaskoien laguntzarekin, 1521an Nafarroa Behera askatzea lortu zuten beste 100 urtez subirano mantenduz, baita gotorleku batzuk: Amaiur, Behobia eta Hondarribiako gazteluak. Aurten, 500 urte betetzen dira 10.000 espainiar soldaduei eta euren 16 kanoiei aurre eginez: «Amayurko gaztelu baltz ori, berreun gudari sumin, zaintzen zaituen zaldun onak, Naparra-aldez egin zuten zin» (E. Urkiaga «Lauaxeta»).

Frantzisko Xabierkoaren anai nagusiek, Joanesek eta Mielek, ihes egitea lortu zuten, baina gazteluaren buru ziren Jaime Belaz Medrano kapitaina eta bere semea, Iruñean kartzelaratuak eta bertan pozoituak izan ziren inperialistengatik. Nafar buruzagiek Amaiurren gotortuak zeudenekin egun horietan idatzitako 51 eskutitz daude, eurotariko batek dio: «Gure leinu eta naziokoak diren zaldun guzti horiek, inoiz beste naziorik irabazi ez duen ohorea irabaziko duzue», 200 euskaldun haientzako: Betiko argia!