Ane Legarreta eta Gorka Krutzaga (Txandapa) izango dira Santakurtzetako pregoilaria eta txupineroa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Naiara Pérez de Villareal
Irailaren 8tik 17ra bitarte ospatuko dira aurtengo Santakurtzak eta Ane Legarreta orkestra zuzendaria izango da pregoilaria. Haren ostean Txandapa kuadrilako Gorka Krutzagak botako du txupinazoa. Gaur iragarri du Udalak protagonistekin egindako agerraldian.
Kurtso hasierarekin batera heltzen dira urtero Galdakaoko jaiak. Santakurtzak irailaren 8tik 17ra bitarte ospatuko dira aurten eta beste behin pregoilariak eta txupineroak paper berezia izango dute jaietan zehar.
Pregoilaria herritarrek aukeratu dute aurten ere eta Udalak gaur egindako agerraldian iragarri duenez, Ane Legarreta orkestra zuzendaria izango da Santakurtzetako pregoilaria. Legarretak azpimarratu du «ohorea dela» herritarrek jaiei hasiera emateko aukeratu izana eta iraileko pregoiaren zertzelada batzuk aurreratu ditu: kulturgintza eta sorkuntza ardatz izango ditu eta «laburra» izango dela hitzeman du.
Binkek jaso zuenez, beste hamabost hautagaien artean aukera dute Legarreta auzokideek.
Txupineroa aldiz, aurreko urtean bezala, azkeneko jaietan parte hartu zuten kuadriletako batekoa izango da eta Jai Batzordeak hautatu du. Aurten Txandapa kuadrilako Gorka Krutzaga izan da aukeratua. Krutzagak «ilusio handiarekin» hartu du txupinero kargua eta kuadrilei eskerrak eman dizkie.
Bi protagonistekin batera, Iñigo Hernando alkatea, Amets Iturbe jaietako zinegotzia, Jon Ortega kartelaren egilea eta Jai Batzordeko ordezkariak egon dira gaurko aurkezpenean.
Hernandok eskerrak eman dizkie jaiak aurrera ateratzea ahalbidetzen duten guztiei: «jai eta txosna batzordeak, kuadrillak, herritarrak…». Alkateak eragile guztiek arteko elkarlaguntza azpimarratu du «jai herrikoiak egiteko».