Ane Legarretak eta Enrike Solinisek Euskal Herriko Musika Bulegoaren sari bana irabazi dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Euskal Herriko Musika Bulegoa
Euskal Herriko Musika Bulegoak aurtengo sarituen zerrenda iragarri du eta hauen artean galdakoztar bi daude. Ane Legarretak sortutako ESAS ekimenak publikoaren saria irabazi du eta Enrike Solinisen Euskal Barrok Ensemble taldeak aldiz, Etxepare Euskal Institutuarena.
Euskal Herriko Musika Bulegoak, urtero, euskal artistek, taldeek edo proiektuek egin edo ekoitzi dituzten edo horiek protagonista dituzten musika-panoramako proiektu esanguratsuenak aintzatesten ditu. Atzo, maiatzak 15, Euskal Herriko Musika Bulegoak aurtengo sarituen zerrenda iragartzeko ekitaldia egin zuen Iruñeko Zentralen.
Iaz Euskal Herrian sortutako 120 musika proiektu aztertu ondoren, zortzigarren edizio honetan hamaika izan dira proiektu sarituak, berrikuntza batekin: publikoaren saria. Herritarrek proposamen artistiko bat aukeratu ahal izan dute botoen bitartez eta Ane Legarreta galdakoztarrak sortutako ESAS ekimena izan da irabazlea.
Bestalde, Etxepare Euskal Institutuak erabaki du Enrike Solinis galdakoztarraren Euskal Barrok Ensemble saritzea Musika Bulegoen sarien baitan. Etxepareren asmoa «euskal musika nazioartera zabaltzeko egindako lana aitortzea» izan da. Solinisek eta Miren Zeberiok jaso zuten saria, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko lehendakariaren eskutik.
Bas(h)oan, BilbaoSinfonietta, Ibil Bedi, Izaro, Janus Lester, Rudiger, Zetak, eta Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Callejala bikotea –’Irati’ filmaren soinu bandagatik–, izan dira aurtengo sarituetako beste batzuk.