Antrotarrak: «Covidarekin edo Covid gabe berdin ligatzen dugu: gutxi!»
Antrotarrak kuadrila @antrotarrak
BINKE / 2020ko abendua
«Covidarekin edo Covid gabe berdin ligatzen dugu: gutxi!»
GALDERAK: Firu kuadrila @_firu
Noiztik ezagutzen duzue elkar? Duela zazpi urte Elexaldeko institutuko, Eguzkibegi Ikastolako eta beste leku batzuetako frikienak elkartu ginen eta Antroa sortu genuen. Momentu horretan hasi zen gure istoriotxoa.
Galdakaoko jaietako froga bakarra aukeratu beharko bazenute, zein izango litzateke? Bereziki bat gustatzen zaigu, Pilar Leibak irabazi zuen froga. Beste froga guztiak oso erakargarriak direla uste dugu, baina guretzat esanahi berezia dauka froga horrek «Playback»-ak famatu egin gintuelako, gure «Euri tanta banintz» singlea abestu genuenean.
Zuen ustez zein da gure herriak duen txokorik politena? Kuadrila askok ondo gelditzearren herriko mendiren bat edota monumenturen bat aukeratuko lukete, baina guk argi daukagu gure erantzuna: Eiger taberna. Dudarik gabe Galdakaoko garagardorik onena eta musikarik bikainena eskaintzen du beti. Gainera, munduan dauden tabernari sexyenen artean sexyena dauka tabernak!
Pandemia bukatu ahala zer da egingo duzuen lehen gauza? Gogo asko dauzkagu juerga on bat botatzeko. Oso kontzientziatuta gaude egoerarekin, eta argi daukagu momentuz ez dugula jairik ospatuko, baina egoerak hobera egiten duenean gure goiburu bakarra «sexua, droga eta rock&rolla» izango da.
Orain tabernak itxita egon direla zein izan da zuen planik gogokoena? Batzuk etxean geratu dira negar egiten eta beste batzuk mendira joan dira, baina horiek ere negarrez. Oso aspergarriak izan dira azken zapatuak, baina berriro ere planak egiteko irrikatan gaude.
Galdera existentziala, Covidagaz gehiago ala gutxiago ligatzen da? Guk ez dakigu ligatzen. Covidarekin edo Covid gabe berdin ligatzen dugu: gutxi!
Zein kuadrilarekin batuko zinatekete zonbi apokalipsi bati aurre egiteko? Bertan Beherakoekin, zonbiak etorri baino lehen elkarrekin akabatuko genukeelako.
Zer nahiago: Galdakaoko jairik ez egotea edo Somerarik ez egotea? Astean bost ordu ematen baditugu Someran eta urtean 52 aste badaude, guztira 260 ordu ematen ditugu urtean. Galdakaoko jaiak bi asteburu badira eta asteburu bakoitzean 48 ordu bagaude juergan, guztira 96 ordu dira. Bakoitzak bere ondorioak atera ditzala…
Elkarrekin ospatuko dituzue Gabonak? Gure kuadrilan hamar kide baino gehiago gara eta denen artean afari bat egitea ezinezkoa egiten zaigu egoera honetan. Pena bat da aurtengo Gabonetan kuadrilako afaririk ez ospatzea, baina kontzienteak izan behar gara, eta gure esfortzua beharrezkoa da egoerak hobera egin dezan.
2021erako iragarpenak egin: zein da botako dugun lehen farra? Txertoaren iragarpenak ikusita… Santakurtzak 2067! Hori bai, argi eduki munduko jairik hoberenak izango direla!