Antzerki Afizionatuaren Erakustaldia hartuko du Torrezabalek bihartik ekainaren 12ra bitarte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Antzerki Afizionatuaren Erakustaldiaren XXIV. edizioa antolatuko da bihartik, ekainak 4, hilaren 12ra bitarte Torrezabal Kultur Etxean. Guztira zazpi obra estreinatuko dira egun hauetan zehar, horietako bost talde galdakoztarrenak.
Bueltan da Antzerki Afizionatuaren Erakustaldia Galdakaora. Bihar, ekainak 4, hasiko da eta hilaren 12ra bitarte zazpi obra ikusi ahal izango dira Torrezabal Kultur Etxe berrituan, hauetako bost talde galdakoztarrenak.
Bi antzerki konpainia galdakoztarrek esperientzia errepikatuko dute XXIV. edizio honetan: Aztiak eta Galdarra CEPA Galdakao. Beste bi herritako talde gonbidatuak ere egongo dira: Zallako LHIko antzerki taldea eta Arrigorriagako Hamaika antzerki taldea. Gainera, antzerki afizionatuko erakustaldiak Galdakaoko antzerki feministako tailerretan parte hartzen duten emakumeen debuta ekarriko du, bai Torrezabaleko taldearena, bai Aperribaikoarena.
Erakustaldiaren egitarau osoa honako hau da:
Ekainak 4, martitzena
19:30 ‘Zapatos rotos’, Aztiak konpainiaren eskutik. Doako autobusa egongo da 19:00etan Usansoloko Txapelena baserritik abiatu eta 20:45ean itzuliko dena, antzezlana amaitu ondoren
Ekainak 5, eguaztena
19:30 ‘En la azotea’, Zallako LHIko antzerki taldearen eskutik
Ekainak 6, eguena
18:30 Torrezabaleko Antzerki Tailer Feministaren ‘La mujer sola’ eta Aperribaiko Antzerki Talde Feministaren ‘El despertar’
Ekainak 11, martitzena
19:30 ‘El triunfo’, Hamaika Antzerki Taldearen eskutik
Ekainak 12, asteazkena
19:30 ‘Pronóstico reservado’ eta ‘Bakoitzak bere etxea’, Galdarra C.E.P.A Galdakao antzerki taldeak eskainita
Sarrerak salgai daude jada ohiko webgunean 3 euroko prezioan eta bildutako diru guztia Retina Bizkaia Begisare elkartearentzat izango da. Galdakaoko Udalak jakinarazi duenez, 0 ilara bat egongo da, antzerkiak ikustera joan ez arren dohaintzak egin nahi dituztenentzat.