Aperribai eremu tentsionatua izendatzea eskatuko dio Udalak Eusko Jaurlaritzari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Eusko Jaurlaritzari Aperribai ingurua eremu tentsionatua izendatzeko eskaera egitea adostu du Galdakaoko udalbatzak, gaur antolatutako osoko bilkuran. Bizkaian eskaera egingo duen lehen herria da Galdakao eta honi esker eremuan alokairuen prezioa mugatu ahal izango du.
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzen alokairuari eta tenkatutako eremuei buruzko azterketa egin zuen eta EAEko 41 udalerri tentsiopeko eremu izendatu zituen, tartean Galdakaoko Aperribai ingurua.
Izendapen honi esker alokairuen prezioa eusteko neurriak ezartzeko aukera izan ahal dute herriek baina horretarako udalek egin behar diote eskaera Eusko Jaurlaritzari. Gutxi batzuek eman dute urratsa orain arte eta hauetako bat izango da Galdakao, Bizkaiko lehenengoa.
Gaur, uztailak 24, antolatu du ikasturteko azken osoko bilkura Galdakaoko udalbatzak eta honetan Galdakaoko Udalak etxebizitzari buruz egin duen diagnostikoa Eusko Jaurlaritzara bideratzea onartu dute alderdiek aho batez, eta baita horretan ardaztuta «udalerri osoan eragiteko eta desorekak zuzentzeko» egin den Etxebizitza Plana ere. Aurrerago emango ditu Udalak plan honen xehetasunak.
Azterketa horietan oinarrituta, Aperribai ingurua gune tentsionatua izendatu dezala eskatuko dio Udalak Eusko Jaurlaritzari, alokairuaren prezioa mugatzea ekarriko luketen neurriak ezartzeko.
Beste erabaki batzuk ere adostu ditu udabaltzak gaurko osoko bilkuran, hala nola, Etxetic zerbitzu teknologikoa martxan jartzeko pausoak ematea, EAJren mozio baten bitartez; eta Metroak Usansolon izango duen geltokia herri erdigunean egon dadila eskatzeko mozioa, Usansolo Herria plataformarena.