Aperribai eta Galdakao arteko Metroaren zatiko obrak irailean hasiko dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Metro Bilbao
Euskal Trenbide Sareak 231 milioi euroren truke esleitu ditu Metroaren 5. linearen hiru zatiak: Sarratu-Aperribai, Galdakao-Ospitalea eta Aperribai-Galdakao. Azken zati honen obrak irailean hasiko dira eta lau urteko exekuzio epea izango dute.
Euskal Trenbide Sareak Galdakao eta Usansolora helduko den Metroaren 5. linearen obrak esleitu dituela iragarri zuen duela bi aste. Binkek jaso zuen moduan, hiru zati esleitu ditu: Sarratu-Aperribai, Galdakao-Ospitalea eta Aperribai-Galdakao.
Aperribai eta Galdakao arteko zatia Acciona Construcción, SA, Altuna y Uria, SA, Bycam Servicios, Edificios e Infraestructuras, SA eta Sacyr-ek osatutako sozietate mistoak aurkeztutako proposamenari esleitu zaio eta Euskal Trenbide Sareak ezagutzera eman duenez, irailean hasiko dira obrak.
Lanek 48 hilabeteko exekuzio epea izango dute, hortaz, 2027ko irailean amaitzea aurreikusten dute instituzioek. Martxan jartzea ordea 2028an izango litzateke.
Sarratu-Aperribai eta Galdakao-Ospitalea zatien obrak ere esleitu ditu Euskal Trenbide Sareak baina oraindik ez du iragarri noiz hasiko diren.