Aperribain, Abusun eta Urretan bi lursail eta lokal bat erostea onartu zuen Galdakaoko udalbatzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Herritarrentzako zerbitzuetara bideratzeko Aperribain, Abusun eta Urretan bi lursail eta lokal bat erostea onartu zuen Galdakaoko udalbatzak, azaroaren 28an egindako osoko bilkuran. Albiste honetan batu ditugu espazioen xehetasunak.
Galdakaoko udalbatzak azaroaren 28an egin zuen azken osoko bilkura eta honetan, besteak beste, herritarrentzako zerbitzuetara bideratzeko Aperribain, Abusun eta Urretan bi lursail eta lokal bat erostea onartu zuen. Udal Gobernua osatzen duten EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak taldeen aldeko botoekin eta oposizioko EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen abstentzioekin hartu zen erabakia.
Zehazki, kreditu aldaketa egitea adostu zuen udalbatzak, honako erosketak egiteko:
- Aperribai auzoan 4.565,35 metro koadroko lurzorua erostea, irisgarritasuna plangintzarekin jarraituz Aperribaiko 5. igogailua eraiki ahal izateko. Lurra 14.100 euroren truke eskuratzea onartu zen.
- Abusun 107,54 metro koadroko lursaila erostea, Isasizarra basoaren eremuan. Erabilerari dagokionez, kultur ondarea babestea, udal instalazioak handitzea eta auzokideek urte luzetan eskatu duten Bekeako biribilgunea egin ahal izateko beharrezko den lurra eskuratzea da helburua. 169.839 euroan erostea onartu zen.
- Urretan 525,90 metro koadroko lokala udal jabegora pasatzea. Etorkizuneko beharrei aurrea hartzeko neurria da, besteak beste kontuan hartuta Metroa eraikitzeko lanek zerbitzu publikoan eragina izango dutela eta zerbitzu batzuk lekualdatzeko premia sortuko dutela. Beste erabilera posibleetako bat izan daiteke, adibidez, ekintzailetzara bideratzea. Lokala 380.000 euroren truke eskuratzea da proposamena.
Bestalde, Prezero enpresak urrian hiri hondakinak batzeko egindako lanei dagozkien fakturak ordaintzea onartu zuen Galdakaoko udalbatzak, 46.502,80 euroko fakturarekin. Halaber, bertoko merkataritza suspertzeko datorren urtean abiatuko diren diru laguntzen oinarriak behin betiko adostu zituzten alderdiek.