ARGAZKIAK | Elurra iritsi da Usansoloko eta Galdakaoko gunerik altuenetara ere
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Aintzane Urkiza eta Jose Miguel Muñiz
Irudi ederrak utzi ditu urteko lehenengo elurteak gurean ere, Galdakaoko zein Usansoloko punturik altuenetan izan bada ere. Argazki hauek bidali dizkigute, eta zuekin partekatu gura ditugu.
Aste hasierako euritearen ostetik, adituek iragarri bezala, iritsi da elurra oso kota baxuetara ere eta gure herriek, Galdakaok zein Usansolok, izan dute berarekin gozatzeko aukerarik ere gunerik altuenetan. Irudiotan, esaterako, Upo eta Elorritxuetan elurrak utzitako postal ederrak ikus daitezke. Upokoak Aintzane Urkiza usansolotarrak bidali dizkigu; Elorritxuetakoak berriz, Jose Miguel Muñiz galdakoztarrak.
Argazkien edertasunak, hala ere, ez gaitu arriskutik libratzen. Izan ere, elurragatik alerta laranja ezarri dute Hego Euskal Herrian eguenera arte, eta beraz, errepidean bereziki arreta eskatu dute Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak, gainera, elurtea bukatzen denean uholdeak egon litezkeela ohartarazi du gaur.
Gaur arratsalderako berriro prezipitazioak espero dira, eta iluntzean 400 metroren bueltan kokatuko da berriz elur maila.