ARGAZKIAK | Galdakao Triatloi Eskola berriak hasi du bere ibilbidea
Kirola
BINKE / 2022ko otsaila
Galdakao Triatloi Eskola berriak hasi du bere ibilbidea
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Ugaitz Agilar
Abenduan iragarri zuen Binkek Galdakao Triatloi Taldea eskola sortzeko asmotan zebilela. Esan eta egin, dagoeneko errealitate da Triatloi Eskola berria, eta zapatuan lehenengo ikastaroa egin zuten: apnea arnasketa nola ikasi. Ikusi hemen batu ditugun 12 argazki ederrak!
Iazko abenduan esklusiban kontatu zuen Binkek Galdakao Triatloi Taldeak eskola sortu gura zuela. Horretarako proiektu berri honen sustatzaile diren Richard Gomez, Jabi Palenke eta Joseba Loroño galdakoztarrekin elkartu zen hedabide hau. Bi hilabete eskas pasa dira geroztik eta dagoeneko Triatloi Eskola errealitatea da Galdakaon.
Aurkezpena otsailaren 4an egin zuten eta 12an ekin zioten taldearen egutegiari. Lehenengo saioa Urreta kiroldegian eskaini zuten Apnea Norte taldeko Mario Lazarorekin. Hamahiru gaztetxo elkartu ziren, 7-12 urte bitartekoak, eta «apnea zelan egin ikasi zuten», Richard Gomez eskolako arduradunaren esanetan. Hau da, ur azpiko arnasketa ikasi zuten gazteek «ordu eta erdiko giro ezinhobean, eta amaieran ur azpiko jolasak ere egin zituzten», dio pozik Gomezek.
Triatloi Eskolaren asmoa hilero kirol-diziplina honen inguruko ekintza bat antolatzea da, eta horretarako abendura arteko egitaraua prestatu dute —Ugaitz Agilarrek bidalitako argazkien azpian dago egutegia ikusgai—.
Oraindik izena eman gura duenak aukera du taldean parte hartzeko. Horretarako, 649186276 telefono zenbakira edo triathlongaldakaoeskola@gmail.com helbidera idaztea baino ez dago.