Pentsiodunak Martxan
BINKE / 2022ko martxoa

Galdakaoko pentsiodunek 50 hilabete bete dituzte protestan

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria

Galdakaoko Pentsiodunak Martxan plataformak 50 hilabete bete zituen atzo asteleheneroko protestan, eta atzoko manifestazioa euren aldarrikapenei erantzun ez dieten banketxeetara joateko baliatu zuten. Bertan izan zen Julio Legarretaetxebarria Binkeko argazkilaria; hemen zenbait argazki!

Urtarrilean lau urte bete zituen Pentsiodunak Martxan plataformak. Geroztik, euri zein eguzki, hotz zein bero, Kurtzeko plazako kioskoaren bueltan elkartzen dira astelehenero. Horrela, 50 hilabete bete zituzten atzo protestan, martxoaren 21ean.

Plataforma honen aldarrikapenen artean, pentsioak 1.080€ko gutxieneko kopurura igotzea da. Azken aldian, ordea, beste aldarrikapen batek ere hartu du mugimendu sozial honen bozgorailua: banketxeek aurrez aurreko arreta bermatzea adineko pertsonei.

Horren harira, otsailaren 14ko pentsiodunen elkarretaratzean, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea gerturatu zen adineko herrikideengana, eta banketxe galdakoztarretako zuzendariei gutun bana bidaliko ziela hitzeman, arreta presentziala bermatzea eskatuz.

Eskaera horri Kutxabank-eko eta Laboral Kutxako zuzendariek bakarrik erantzun zioten, eta bilera bat egin zuten udaletxean pentsiodunen ordezkaritza batek, alkateak berak eta aipatutako banketxeetako zuzendariek. Lortu zuten beraien helburua: teknologiekin ondo moldatzen ez diren herritarrei arreta eskainiko diote aurrerantzean Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak.

Aitzitik, herrian dauden gainontzeko banketxe guztiek ez zioten alkatearen gutunari erantzun. Horregatik atzo, martxoak 21 eta protesten 50. hilabetean, pentsiodun galdakoztarrek manifestazioa egin zuten udaletxeko plazatik Plazakoetxeko biribilgunera arte errepide nagusiak moztuta. Bidean, BBVA eta Caixabank bulegoen aurrean gelditu eta zuzendariei eskatu zioten euren aldarrikapenei kasu egin diezaioten.

Banketxe hauetan «atsegin handiz» hartu zituztela kontatu dio Pentsiodunak Martxan plataformako arduradunetariko batek Binkeri, eta gaineratu: «Gure aldarrikapenei kasu egingo deutsiela esan euskuen, baina ikusi beharko da euren berbea betetzen daben».

Datozen asteetan protesta gehiago egin eta «gure aldarrikapenagaz, erantzun ez daben gainontzeko banketxeetara joango gara», baieztatu diote hedabide honi. Kurtzeko plazan izan, edo handik irten eta manifestazioan, edo banketxeetara euren aldarrikapena eramanda… Batean zein bestean izan, pentsiodunak astelehenero 12:00etan elkartzen jarraituko dute, «gure eskubideen defentsan».

Hemen atzoko manifestazioan Julio Legarretaetxebarria argazkilariak ateratako zenbait argazki:


Albiste honekin lotuta…