ARGAZKIAK | Lekubasoko merenderoa erabat berritu dute
Azpiegiturak
BINKE / 2022ko apirila
Lekubasoko merenderoa erabat berritu dute
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Binke
Lekubasoko merenderoa erabat berritu du Galdakaoko Udalak. Erretokiak konpondu eta berriak jarri dituzte, egurrezko mahai eta zabuak, aterpe berriak, hesiak… Bertan izan da Binke, eta inguruko zenbait argazki atera ditu.
Iñigo Hernando buru duen Udal Gobernu berriaren lehenengo prozesu parte-hartzailea 2019aren amaieran jarri zuten martxan. Herritarren proposamenak jasotzeko kanpaina hartan Lekubaso eraberritzeko proposamena egin zuten herritar askok.
Bereziki usansolotar askok egin zuten Usansoloko azpiegiturak hobetzearen alde, «Usansolo Herriak bultzatutako herritarren antolaketari esker». Horrela kontatu dute gaur eguerdian, hilak 8, prentsaurrean Nerea Orozko Ingurumen zinegotziak, Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak eta Agustin Aizpuru Lurralde Antolaketarako zinegotziak.
«Pandemiak eragindako ohi baino atzerapen handiagoagaz, baina dagoaneko erabilgarri dago Lekubasoko merendero barria», adierazi du Egiraunek. Eraberritze horrek ondorengo aldaketa eta hobekuntzak ekarri ditu: erretokiak —lehen erabilgarri bakarra egotetik— berriztu dituzte eta berri gehiago jarri, aterpe berri bat sortu dute eta zegoena konpondu egin dute, eremu guztitik egurrezko hesiak jarri dira, egurrezko zabu inklusiboak, lehen zeuden porlanezko mahai gutxi horiek kendu eta egurrezko berriak jarri dira —baita familia osoarentzako mahai borobil handiak ere—…
Baina gainera, askaldegi honetara arteko bidea, Isisitik aurrera, asfaltatu egin dute. «Horrek ez dau esan gura jendea kotxez etortzera animatzen dogunik; kontrakoa, pentsatzen gabilz ia zelan egin herritarrek kotxea saihestu eta oinez ala bizikletan etor daitezan», komentatu dute euren artean Galdakaoko Udaleko hiru zinegotziek. Behin ibilgailuak aipatuta, deitoratu egin dute herritar batzuek quad eta motorrekin lurra altxatu izana, eta horregatik «jendea inguru honetaz gozatzera etortzea gonbidatu gura dogu, baina aldi berean, ingurua zaintzeko eskaria be egin gura dogu», esan du Hirigintzako zinegotziak.
Aipatzekoa da gune honetan ez dagoela iturririk «bertara ez dalako ur edangarria iristen», azaldu dute, eta gaineratu: «Komunak be ez doguz jarri, jendeak ez ditualako errespetatzen». Hala ere, jarri ez badute ere, bizikletak uzteko aparkaleku bat jartzea baloratzen ari dira.
Usansoloren erdigunetik hiruzpalau kilometrora dagoen presadun gune berde honen mantentze-lana udalerri osoan haur-jolasen zaintza egiteko lizitatuta dagoen enpresak egingo du. Guztira 288.000 euroko inbertsioa egin da Lekubasoren eraberritze lanetan.