ARGAZKIAK | Olentzero eta Mari Domingiren bisita jaso zuen Galdakaok ere
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Peio Zamalloa
Euskal Herriko herri guztiek bezala, gure herriek ere atzo jaso zituzten Mari Domingiren eta Olentzeroren bisita. Galdakaon, kasu, etxeko gaztetxoenek argazkiak atera ahal izan zituzten eurekin, kalejiran irten eta dantzei ekin aurretik. Argazkiak ikusi gura?
Etxez etxe opariak banatzeari ekin aurretik, Usansolok eta Galdakaok ere jaso zituzten Mari Domingi eta Olentzeroren bisitak atzo. Galdakaora, esaterako, 16:00etan iritsi ziren Kurtzeko plazara. Kioskoaren parean jaso zituzten bertaratu ziren etxeko txiki guztiak, eurekin argazkiak ateratzeko, gurdiaren gainean kalejiran kalez kale irten aurretik.
Urtero bezala, Patakon elkarteak antolatu zuen Olentzero eta Mari Domingiren bisita. Euren aurretik Ad Libitum txistularien bandako musikariek hartu zuten bidea, eta atzetik Andra Mari Dantza Taldeko txikienek jarraitu zituzten arratsaldeko bi protagonistak.
Kurtzetik Santi Brouard enparantzara bidean hainbat geldialdi egin zituen gurdiak, eta bertatik izan ziren dantzari gazteek Olentzero eta Mari Domingiri eskainitako dantzen lekuko. Arratsaldeko seirak aldera aipatutako enparantzan ibilbidea amaitu eta dantzan aritu ostean kantuan agurtu zituzten haur galdakoztarrek Gabonetako lagunik ezagunenak, behin subila jarrita.