ARGAZKIAK | Sormeneren zapatuko musika eta dantza saioak 40 iruditan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Peio Zamalloa
Bost ikuskizun eskaini zituen atzo Sormenek Galdakaoko bost plaza ezberdinetan. Musika eta dantza izan ziren atzoko osagai nagusiak. Baina oso modu ezberdinetan eskainita, gainera. Ikuskizunen arteko kalejirak, balkoietatik eskainitako bertsoak, dantza bertikala edota ezusteko ospakizun bereziak, besteak beste.
Zapatuko arratsaldea berezia izan zen galdakoztarrentzat, Sormenek plaza desberdinetatik musika eta dantza saio ezberdinak eskaini baitzituen kalejiran. Bost plaza, bost ikuskizun. Eta batetik bestera joateko, musika gehiago lagun.
Sormeneren azkenaurreko egunak ere ez zuen hutsik egin, arratsaldeko seiretan hasi eta gaueko hamarrak pasatxo arte sorkuntza protagonista izan zituen denetariko saioak eskaini zituelako. Lehenik, 18:00etan, Urreta kaleko plazan Divenire dantza eskola galdakoztarrak adin guztietako dantzarien erakustaldia eskaini zuen. Han amaitu eta Andra Mari Dantza Taldeko musikariekin kalejiran Iturrondo plazara abiatu ziren kulturzaleak, Kurtzeko plaza ezagunean Elene Uribarri galdakoztarra abeslari eta gitarrista duen Akëer taldearen kontzertuaz gozatzeko 19:15ean. Kontzertuaren aurretik, gainera, hainbat gaztek dantzan modu inprobisatuan egiteari ere ekin zion.
Behin Iturrondoko doinuak itzalita, Gipuzkoa kalera —Somera izenez ezaguna— joan ziren kalejiran, zain baitzituzten tabernen gaineko bi balkoi desberdinetan Paula Amilburu eta Josune Aramendi. Balkoitik balkoira aritu ziren bi bertsolariak, aramaioarra eta markina-xemeindarra, hurrenez hurren. Someran amaitu eta beheko plazan lau rap kantari prest ziren, Fani, La Basu, Herbas eta M Arta. Santi Brouard enparantzako eskaila koloretsuak ere oholtza bezala erabili zituzten lau emakume raperoek.
Santi Brouard enparantzara gerturatu zirenek Sormeneren egitarautik kanpo bizi izan zuten unea ere ezin kronika honetan aipatu barik utzi: Galdakao Futbol Taldeko emakumeek arratsalde horretan bertan Peña Athletic Santurtzi B taldearen aurka zuten norgehiagoka irabazita eta Balmasedak galduta, lurraldeko Lehenengo Mailara igotzea bermatu zezaketen galdakoztarrek. Eta hala gertatu zen. Balmasedak arratsalde horretan galdu eta aurretik galdakoztarrek 3-1 gailendu zitzaien santurtziarrei. Horrela ba, Santa Barbara futbol zelaitik bueltan Santi Brouard enparantzan geldialdia egin zuten futbolariek —Sormeneren saioaren aurretik hain justu— euren ospakizunekin kantuan, oihuka eta borobilean jarraitzeko.
Rap saioaren ondotik etorri zen Sormeneren azkenaurreko eguneko azken saioa. Torrezabaleko eskumako pareta argiztatu egin zuten 21:30ean, Taupadak dantza eskola galdakoztarreko dantzariek eta Zinbulu Dantza Bertikal Kolektiboko hiru kidek elkarrekin ‘Bertikala eta zorua elkarlanean’ ikuskizuna eskaintzeko.
Saio guzti horietan izan zen Binke, eta 40 irudi ederretan batu dugu arratsalde-gauak Sormeneren plazetan eman zuena: