Asanblada irekia egingo du Berdez Bizik hileroko bigarren martitzenean
Ekologismoa
BINKE / 2022ko otsaila
Asanblada irekia egingo du Berdez Bizik hileroko bigarren martitzenean
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Hilabeteroko bigarren martitzenean asanblada irekia antolatuko du, gaurko martitzena barne, Galdakaoko Berdez Bizi talde ekologistak. Antolatu gura dituzten ekintzak adosteko erabiliko dituzte bilerok, domeka honetako martxa barne.
Galdakaoko Berdez Bizi talde ekologistak asanblada irekia antolatuko du hilabetero. Hitzordua hilabete guztietako bigarren martitzenean egingo dute Ganguren Mendi Taldearen rokodromoan, 19:00etan hasita.
Gaur dute, otsailak 8, bigarren asanblada irekia, eta gaurtik aurrera ekologismoan arduratuta dauden herritar guztiak animatu gura dituzte hilabeteroko hitzorduan parte hartzera. Horrela aitortu diote Binkeri: «Ekologismoan interesa duen edonor, talde ekologista baten parte hartu nahi duena edo Berdez Bizirekin ekintza zehatzen bat egin nahi duen edonor dago parte hartzera gonbidatuta».
Ekintza bat egin gura dute hilero ekologistek, eta horiek izango dituzte bereziki berbagai hileroko asanblada irekietan. «Bilerak ekintzak antolatzeko izango dira, baina horretaz gain taldeko beste gai batzuk eztabaidatu eta erabakitzeko erabiliko ditugu».
Gaurko bilera, esaterako, domekan —otsailak 13— «Galdakaoko ingurumen problematikak aztertzeko» antolatu duten martxa antolatzeko baliatuko dute.