Aste Santuaren ostean hasiko dira Metroko tunelak egiteko lanak Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Metroaren 5. linearen lanak hasi zituzten duela hilabete batzuk gure herrietan eta Usansolon, besteak beste, Meatzeta Bidea itxita dago hurrengo lau urteetarako hauen eraginez. Galdakaon Aste Santuaren ostean hasiko dira tunelak egiteko lanak suhiltzaileen erakinaren inguruan.
Galdakaora eta Usansolora iritsiko den Metroaren 5. linearen obrak duela hilabete batzuk hasi ziren. Langileak lurra aztertzen eta prestaketa lanak egiten hasi ziren, eta Usansolon Meatzeta Bidea erabat itxi zuten.
Hurrengo lau urteetan itxita egongo da bide hau, BINKEk jaso zuen moduan, Puentelatorren hasi eta Unkinara arteko tartean.
Galdakaon aldiz Aste Santuaren ostean hasiko dira Metroko tunelak egiteko zulatze-lanak. Lanerako eremu handietako bat suhiltzaileen eraikina zen gunea izango da, baina, kasu honetan, «ez du eragin handirik izango herritarren erabileran», Udalak azaldu zuenez. Tunelak egiteko beste makina bat bertan hasiko da lanean, Usansoloko makinak egindako zuloarekin bat egin arte.
«Egungo erabileran ez, baina etorkizunerako Galdakaoko Udalak aurreikusita zuen proiektu batean, ordea, eragin zuzena izan du interbentzio horrek», Udalaren esanetan.
Herriko kultur sortzaileentzako espazio gisa erabiltzeko asmoa zuen Udalak, sortzaile horietako batzuekin hasi zuen parte hartze dinamika bat bere garaian, baina, hainbat aukera aztertu ondoren, zuloa egiteko makina bertan jarriko dutela erabaki zuen Euskal Trenbide Sareak. Suhiltzaileen eraikina eraitsi egingo du, beraz.
Galdakao erdigunean aldiz, Lapurdiko aparkalekuan eragina izango dute lanek, eta baita Agirre
Lehendakaria plazaren inguruan Metroak izango dituen bi sarreren guneetan ere: plazan
bertan haurreskola ondoan, eta Euskadi kaleko etxe berrien ondoan.