Banketxeetako zuzendariei gutun bana bidali die Galdakaoko alkateak
Pentsiodunak
BINKE / 2022ko otsaila
Banketxeetako zuzendariei gutun bana bidali die Galdakaoko alkateak
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Pentsiodunen Mugimenduak babesa eskatu dio Udalari eta alkatea banketxeen eta adinekoen arteko bitartekari izateko prest dago.
Pasa den astean, Galdakaoko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariak alkatearekin batzartu ziren udaletxean, banketxeekin dituzten zailtasunen aurrean laguntza eske. Bilera horretan Udalaren eta Iñigo Hernando alkatearen babesa jaso zuten, azken honek herriko banketxeetako zuzendariei gutun bana bidaliko ziela iragarriz.
Adinekoen mugimenduak eta alkateak astelehenean eman zuten honen berri publikoki, pentsiodunen ohiko mobilizazioaren ostean udaletxe aurrean, eta gaur bidali ditu Hernandok aipatutako gutunak.
Udalerrian dauden hamabi sukursalek jasoko duten eskutitz horretan, «herritartasun eskubideak jagotea eta Pentsiodunen Mugimenduen eskaerei kasu egitea» eskatzen zaie erakundeei, alkateak iragarri bezala. Horrez gain, «banketxeetan aurrez aurreko zerbitzua bermatzea» eskatu dute, «herriko nagusiek ahalik eta zerbitzurik gertukoena izan dezaten».
Pentsiodunek alkatearen bitartekari izateko prestutasuna eskertu dute.