Bariku honetan egin gura duten Zabaleako etxegabetzea konfirmatu du Binkek
Gizartea
BINKE / 2022ko ekaina
Bariku honetan egin gura duten Zabaleako etxegabetzea konfirmatu du Binkek
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Google Maps
Egunotan sareen bidez zabaldu den mezua egiaztatu du hedabide honek, etxegabetu gura duten galdakoztarrarekin berba eginda. Hauxe kontatu dio Edurne Fuentek Binkeri, eta hemen duzue barikurako egin den deialdia.
Sareetatik mezua arin zabaldu da egunotan Galdakaon, uztailaren 1ean goizeko bederatzietan familia etxegabetu egin gura dutela eta herritarrei dei eginez, «etxegabetzea saihesteko».
Etxegabetu gura duten familiarekin berba egin du Binkek, mezu horren egiazkotasuna ziurtatzeko, eta halaxe konfirmatu dio aldizkari honi Edurne Fuente etxegabetu gura duten emakumea: «Dagoaneko kutxa guztiak prestatzen gabilz, barikuan etxetik irten behar izateko».
Edurnek eta bere semeak ez dute banketxearekin zorrik, eta beraz etxegabetzea ez dago —ohikoa izaten den moduan— banketxe baten erabakiaren menpe, aipatutako galdakoztarraren senar ohiaren erabakiaren menpe baizik. Horrela kontatu dio Fuentek Binkeri: «Nire seme Xabierrek 18 urte bete dituanez eta pisua bere aitarena danez, etxetik irtetera derrigortzen gaitu».
Legeak derrigortu egin du pisu horren jabea etxebizitza semearentzako mantentzera, nahiz eta gurasoak banatuta egon, semea adinez nagusia izan arte. Orain, 18 urte bete berritan «eta semea bertan geratzeko saiakerak egin dodazan arren, etxetik bota egingo gaitue bioi», kontatu dio minduta Edurnek Binkeri.
Horrela ba, sareetan zabaldutako mezu hori egiazkoa dela jakinik, hauxe da etxegabetu gura dutenen senideek zabaldu duten deia: bariku honetan, uztailak 1, goizeko 09:00etan Zabalea 37 zenbakiko atarira gerturatzea, KZ Gunearen ondoko portalera —arkupeetan—.