Barikuan irekiko da Merkadillo zubia, oinezkoentzat eta txirrindularientzat
ARGAZKIAK: Irekia
TESTUA: Jon Gomez Garai
Hamar hilabeteko lanen ostean, eta Ibaizabal berbideratzeko lanek oraindik jarraituko badute ere, barikuan irekiko dute Bengoetxeko Merkadillo zubia. Aldiz, oinezkoentzako eta txirrindularientzako bakarrik egongo da erabilgarri. Hemen xehetasun gehiago.
Bengoetxe auzoko Merkadillo zubi zaharra, Ibaizabalen berbideratzeagatik konpondu eta luzatu egin dutena, bariku honetan —urriak 7— irekiko da oinezkoentzat eta txirrindularientzat. Hala jakinarazi berri dute Uraren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzaren Irekia atariak.
Lau arkuko zubia da Merkadillo, hareharrizkoa, zirkuluerdiko lau ganga dituena eta ondo landutako dobelak eta altuera desberdinak dituena. «Ondare aldetik babestuta dago bere balio historiko eta kulturalagatik», dio URAk, «baina oztopo garrantzitsua zen uren jariatze librerako eta ur-goraldietan, ibaiaren tarte horretako uholdeak areagotzen zituen».
Horregatik, eta 2016ko maiatzaren 24an Euskal Kultura Ondarearen inbentario orokorrean monumentu izendapenaz katalogatu zenez, zubia bera bota barik luzapen bat gehitu zaio —ibaiaren zabalera berrira egokitzeko—, zubia bera berriztu egin da eta aurrerantzean ezin izango dira trakzio-mekanikoko ibilgailuak bertatik igaro. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bakarrik egongo da erabilgarri.
Lanek hamar hilabete iraun dute baina ibaiaren berbideratze-lanek oraindik aurrera jarraituko dute, Ibaizabalek gainezka egin eta uholdeak saihesteko asmoz.