Barikuan mobilizazioa egingo dute Osakidetzako langileek Labeako ospitalean
Osasungintza
BINKE / 2022ko martxoa
Barikuan mobilizazioa egingo dute Osakidetzako langileek Labeako ospitalean
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Martxoaren 18rako, barikua, Osakidetzako bost sindikatu nagusiek mobilizazioak deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bina osasun zentrotan. Bizkaikoetariko bat Labeako ospitalean izango da, 11:00etan.
Joan den hilaren amaieran, Osakidetzako langileek bi greba egun egin zituzten, kontzentrazio eta mobilizazioak tarteko. Greba eta mobilizazio horien helburua «negoziaziorik ezaren eta Osakidetzak ezarri duen akordioen ez betetzeen egoera desblokeatzea», sindikatu deitzaileen arabera, «hamar urte baino gehiago diralako negoziazio ezaren ondorioz osasun publikoa oso egoera ahulean dagoala».
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, lehen mailako arreta izaten ari da «egoera hori gehien pairatzen ari den eremua, eta bertako langileak frustrazio-maila handiko kolektibo bihurtzen ari dira». Herritarrek merezi duten arreta emateko «ezintasunean» omen daudela diote, «hura indartzeko egiturarik eta politikarik ez dagoelako». Hainbat urtetako mobilizazioen eta greben ondoren, «pandemiak lurrikara» eragin duela salatzen dute lehen mailako arretako profesionalek, eta, ondorioz, «sakoneko politikak bultzatuko dituen inbertsioa handitzea» premiazkoa dela diote bost sindikatuek.
Horregatik, eta azken greba zein mobilizazioetan aldarrikatzen ari diren mezu guztiengatik, datorren martxoaren 18an, barikua, elkarretaratzeak deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bina osasun zentrotan, lehena 11:00etan eta bigarrena 13:00ean. Bizkaiko lehenengo mobilizazioa Labeako ospitalean egingo dute. Bigarrena Deustuko anbulatorioan egingo dute.