Barikupasa ekimenaren ikasturteko lehen saioa barikuan izango da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: A. L.
Argizai Eskaut Taldeak, Bagabiz Euskara Elkarteak eta Galdakaoko Udalak antolatzen duten Barikupasa ekimena bueltan da. Barikuan, urriak 25, izango da ikasturte honetako lehen saioa eta «Gau Beltza» izango da gaia.
Barikupasa ekimena jarri zen martxan Galdakaon iaz haur eta helduen arteko harremanaren hizkuntza praktikak aldatu eta euskara gehiago erabiltzeko helburuz. Bagabiz euskara elkarteak eta Argizaik elkarlanean antolatzen dute ekimena, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin eta hilabeteko azken barikuetan egiten da.
Ikasturte honetako lehen saioa barikuan, urriak 25, izango da 17:00etan Gandasegiko arkupeetan eta «Gau Beltza» izango da gaia.
Bi gune prestatuko dira 3 eta 11 urte bitarteko umeak eta euren gurasoak elkarrekin aritzeko: batean aurpegiak margotuko dituzte eta, bestean, gune sentsorialaz gozatu eta eskulanak egiteko aukera izango dute.