Bonbardaketatik 85 urte
BINKE / 2022ko maiatza

Barkatugabea eta ez ahaztua

TESTUA: Xabi Ealo Diaz
ARGAZKIAK: Espainiako Liburutegi Nazionala, Eguna Egunkaria eta Gerediaga Elkartea

Maiatzaren 19an laurogeita bost urte bete dira Francoren agindupean zegoen Condor Legioak Galdakaoren gainean bonbak bota eta sarraskirik latzena utzi zutela. Ondorengo lerroak testigantza errealetan oinarritutako egun hartako kontakizun fikzionatua izango dira.

Goizeko zortziak dira, elizako kanpaiek esnatu naute. Gerrako beste egun bat, zenbatgarrena dagoeneko? Batek daki, ezingo nuke zenbaki zehatzik esan, zenbatzen ez didatelako irakatsi, gerra piztu zenean eskolara joateari utzi genion eta. Egunen kontua galduta daukat, baina sukaldeko hala moduzko egutegiak dio maiatzak 19 dituela gaur. Asteazkena da.

Bakarrik nago etxean, aita frontean omen dago pasa den uztailaz geroztik, gudari, «Kirikiño» batailoian; ama, aldiz, beharrean, Dinamitan. Omen dagoela diot, apenas dakigulako ezer bere inguruan, noizbehinka eskutitzen bat heltzen da etxera ondo dagoela esanez, baina bizpahiru aste izango dira gutunik heltzen ez dela. Amak lehen aitak egiten zuen lana egiten du fabrikan, sosa batzuren truke. 

Oraindik gogoan daukat pasa den udan aitari Azpeitira joateko deia egin ziotenean Euzko Gudarosteko partaide izan dadin. Egun batetik bestera agurtu behar izan genuen aita, egun horretan zin egin zigun eskutitzak bidaliko zituela; horren faltan, beste egun bati aurre egin behar diot. Azken aldi honetan sarri askotan jotzen du sirenak, eta hegazkin zaratatsuak behin baino gehiagotan egin digute bisita desatsegina eta triskantzaren bat eragin izan dute Galdakaon.

Gerrako frontea etxetik hurbil omen dago, hori entzuten da behintzat. Durango eta Gernika etsaien esku geratu direla esan zidaten aurrekoan. Gero eta gertuago daude gaiztoak eta gero eta beldurtuago nago ni. Horregatik bakarrik beldurtuta bakarrik ez, gaur etorkizunarekin egin dudalako amets eta bertan ere gerra zegoen, 2022. urtea edo zen. Ez nuke jakingo esaten zer herrialde den hori, baina bertako hizkuntza ez da inguruan entzuten, ez euskara, ez gaztelania… Gaztelania gutxi dakit, baina dakidan apurrarekin ziurtatu dezaket ez dela espainola. Nire ametsean, etsaiak ere pertsonen aurka egiten zuen eraso, hildako asko ikusi dut. 

Ez dakit zer gertatuko den, ez dakigu hegazkinak etorriko diren ala ez, dagoeneko ez dituztelako bonbardaketak iragartzen. Dena dela, «Gudari» aldizkariak argitaratu du gida moduko bat aire bonbardaketatatik nola babestu, eta hori jarraituko dut sirenak joz gero. 

Babeslekura korrika. Gerraren hasieraz geroztik, Galdakaoko Udalak prestatu dituen hainbat babeslekutan egonda nago dagoeneko: Plazakoetxen, Kurtzeko Plazan, Abusun… lehenengo aldi hartan, iraila partean, Jose Larrearekin nengoen, ibaira joan ginen arrantzan, baina etxean abisua eman ziguten: «Kontuz ibili, bonbardaketa berriak gerta daitezkeela iragarri dute». «Abusuko bi tunelak izango dira gure erreferentzia babeslekurik behar izatekotan», esan zidan Larreak. Eta hala behar izan genituen; lehenengo aldia baitzen sirena hotsa entzuten nuela, ordutik ona, sarri askotan entzun izan dut. 

Beharbada gaur ere entzungo da sirenaren burrunba hotsa, izan ere, ni esnatu aurretik «esnekaria», edo Libe Asuak esaten duen moduan: «Goikoetxea, el alcahuete» agertu omen da. Miaketa-hegazkina da, goizeko zazpietan agertzen da normalean eta gure inguruan hegan egiten du eta argazkiak atera ere; neurri txikiko bonbak ere botatzen zituen. Edozein momentutan has daitezke elizako ezkilak jo eta jo, segituan sirena hasiko litzateke zarataka. Asuak esaten digu «espektakulu bat» dela hori gertatzen denean: «Txakurrak ahausika gora eta behera, behiak orroaka…». Hori gertatuz gero korrika ihes egin beharko dut babeslekuren batera, baina momentuz, itzarrita daramadan denbora apurrean sirenaz ez bestelako zarata batzuk entzun izan dira. 

Sirenaren isiltasunak irauten duen bitartean, goiza frontoian emango dut, lagunekin. Etorkizunean frontoia beharbada estalita eta dotore egongo da, gaur gaurkoz, ordea, estali barik dago, dotore, baina aire zabalean. Zorua lokatzez beteta egoten da normalean. Horrek esan nahi du, arropa garbitu egin behar dela, eta amak errieta botatzen didala horregatik. 

Konturatzerako bazkaltzeko ordua heldu zait, eta espero zitekeen moduan arropa zikinduta daukat, baina praka ilun batzuk jantzi ditut gaur eta ez da askorik igartzen, ea ama ez den konturatzen. Etxera iritsi eta ama dagoeneko bertan dago, beharretik etorri berria. 

Bazkaltzeko edozer gauza jaten genuen. Edozer gauza geneukan apurretik, gaur adibidez patata bat eta arto irinaz egindako ore moduko bat. Hori jan, eta siesta hartuko dut. Momentuz sirenak jo barik jarraitzen du. Seguru aski arratsalde partean joko du, batek daki zein momentutan. Ez jakintasun horretan, lo-kuluxka bat hartzea erabaki dut. 

Ez dakit zenbat denbora eman dudan etzanda, lo hartu dudanik ere ez dut uste, baina azkenean hasi dira elizako kanpaiak astintzen eta baita sirena hotsa ere bai. Beldurra, kaosa, ezinegona, non sartu ere ez dakigu momentu hartan.

Plazakoetxe, 16:00. Amak eta biok galapan utzi dugu atzean etxea, etxetik hurbilen daukagun babeslekura joan gara, baina beteta egon da. Korrika, Plazakoetxeko babeslekura joan gara eta sartzea lortu dugu. Ez dakit ze ordu den, eta ez dut inoiz jakingo, baina dakidan bakarra da hegazkinak gero eta gertuago daudela, eta oso altuera baxuan datozela ematen du, baina lainoak direla eta ez dira ikusten.

Sartzea lortu badugu ere, babeslekuaren atean geratu behar izan dugu, ez dagoelako leku gehiagorik. Halako batean, hodei zurien artean bonba batzuk ikusi ditut, oso arin lurrera jausten. Gure gainean jo du. Hori da gogoratzen dudan azken gauza, sekulako burrunba batek behera ekarri duelako babesleku guztia eta han harrapatuta geratu naizelako hondakinen artean, arnasa utzita. 

Horren ostean zer gertatu den ez dakit. Biharko egunkaria irakurrita jabetuko zarete gertatutakoaz, bonba horrek erabaki duelako nire biziak toki zuela helmuga. 

Biharamunean, bizi berri batean esnatu naiz, irakurtzen jakin barik hil naiz, baina hemen badago jendea irakurtzen dakiena eta kontatu dit gaurko Euzkadi egunkariak dakarrena: «Etsaien hegazkin batek herriaren gainean bi bira eman ondoren, bonbak bota ditu, jende asko zegoen babesleku bat hondoratuz. Bi irteeratan gertatu du hondamendia horietako bat erabat estaliz. Alde horretan eragin dituzte biktima gehien faxisten hegazkinek».

Horren ostean, egunkariak dioenez, larrialdi zerbitzuak lanean hasi ziren, baina hegazkinak berriro azaldu omen ziren, bonba gehiago botatzen eta metrailatzen. 

Nirekin batera beste ume batzuk ere etorri dira bizi berri honetara, eta hemen daude baita ere beste herri batzuetan hildakoak. Ezingo nuke esan zenbat pertsona dauden, zenbatzen ez dakidalako. 

Amari eta aitari agur esan barik noa mundu honetatik, baina aita eta biok agurtu diogu elkarri bizi berri honetan, Intxortako guduan etsaien bala batek hil zuela esan dit. Horregatik ez dela azken aldi honetan gutunik iritsi etxera. Ama bakarrik gertatu da Galdakaoko etxean, ez dut pentsatu nahi bere sufrikarioa nolakoa izan daitekeen. Ez dakidana da, Galdakaon egun honen 85. urteurrena omentzen ari direnean, gerrek jarraituko dutela eta oraindik ere umeak hiltzen jarraitzen dituztela, arrazoirik gabe. Bakarrik espero dut, amari eta hemen nirekin daudenen senitartekoei norbaitek barkamena eska diezaien eragindako minagatik.

Beude oroimena eta memoria luzaroan. Aurreko lerro horiek asko eduki dute fikziotik, baina zoritxarrez askorentzat errealak izan ziren tankera horietako pasarteak gerra garaian. Laurogeita bost urte bete berri dira maiatzaren 19 hartatik. Zortzi hamarkada baino gehiago galdakoztarrei —eta euskaldun orori— udaberria ostu zietela; frankistek fusil eta bonba artean ekarri zuten uda hori ezagutu ere ez zuten egin askok. 

«Penan eta tristuran» hazi eta hezitako umeak izan dira gehienak Agurtzane Yurrebasok dioen moduan; denek pairatu zuten Gerra Zibilaren astindua modu batean ala bestean. Senideren bat galdu izanaren doluari, eta amorruari beharbada, frankisten errepresioa gehitu behar zaio gerrako ume horiek jasandako sufrimenduari. 

Aurten ere Galdakaoko Udalak Galdakao Gogora elkartearekin eta Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean Memoriaren Astea antolatu du, «justizia, egia eta erreparazioaren aurretik memoria ariketa sakona» egin behar dela nabarmendu zuen Iñigo Hernando alkateak Memoriaren Astearen aurkezpenean. 

Horretan laguntzeko etorri dira lerro hauek guztiak, fikziotik eta errespetutik idatzitakoak. Bazioelako Joan Mari Irigoienek «Lur bat haratago» eleberrian: «Arma-bidez gerla irabazten duenak erabakitzen du hitzaren norabidea» eta hori agerian geratu da gure herriak erasotu eta gutxira esaten zutenean «gorriek hil» zituztela eta zer esanik ez 1939an Francok gerra arma bidez irabazi eta 40 urtez erabaki zuenean hitzaren norabidea. 

Gaur gaurkoz 40 galdakoztar identifikatu dira gerran hildakoen artean, gainera bederatzi galdakoztar fusilatu zituzten, baina arnasa utzitakoak, asko izan ziren garai haietan. Beste askori bakea ostu zion gerrak. Bakea galduta eta gaztetasuna loratu barik krudelkeriaren zamapean bizi izan dira luzaroan, barkamenik jaso gabe. Barkatugabeak, baina ez ahaztuak. Beude euren bake aldarriak eta indarra denon memorian.