Basalur S.L. enpresak Galdakaoko Basabe auzoan zabortegia eta hondakinak tratatzeko planta egiteko proiektua aurkeztu zuen iaz. Galdakaoko Udalak kontrako txostena egin zuen eta, hori oinarri hartuta, Ingurumen eta Industria sailek baimena ukatzeko erabakia berretsi dute.
Basabe auzo galdakoztarrean zabortegia eta hondakinak tratatzeko planta egiteko proiektua aurkeztu zuen iaz Basalur S.L enpresak.
Urretako anbulategitik kilometro eta erdira dagoen mendialdeko auzoan ezarri nahi zuen, eta horretarako beharrezko duen txostena eskatu zion Galdakaoko Udalari. Udalerriko HAPOren arabera ordea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako lurzoru urbanizaezina da Basabeko eremu hori, hau da, babestua.
Txostenak jasotzen duenez, 2004. urtean eremu horretan betelanak nekazaritza helburuekin egiteko baimena eman zuen Udalak, eta hala egin zen.
Ondoren, ordea, Udalak azaldu duenez, Basalur S.L. enpresa bertan hondakinak botatzen aritu zen urtetan, baimenik gabe, lur batzuk potentzialki kutsatu bihurtzeraino. Idatziak aitortzen du «orduko ekintza haiek arauz kanpokoak izanda ere ezin litezkeela zigortu preskribituta leudekeelako».
Baina horrek ez du esan nahi eremuaren legezko erabilera aldatu denik: Basabeko lurrak babestuak dira, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako lur urbanizaezinak.
Beraz, bertan ezin da zabortegirik jarri, ez eta zaborrak tratatzeko plantarik ere. Horixe hartu zuen argudio nagusitzat Galdakaoko Udalak iaz, Basabe enpresaren proposamenaren kontrako txostena egiteko.
Planta eraikitzeko baimenari bidea moztu zion horrela, Eusko Jaurlaritzak dagokien bi arloetatik babestu baitu Udalaren arrazonamendua. Lehenik eta behin, ingurumen baimenaren prozedura bertan behera utzi zuen Ingurumen sailburuordeak iazko abenduan, Udalaren txostena oinarri hartuta.
Basalur enpresak helegitea aurkeztu zuen erabaki horren kontra, eta orain, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak berretsi egin du Ingurumen Sailak adierazitakoa: baimena emateko prozedura bertan behera utzi du, eta amaitutzat eman du.
Horrenbestez, bukatu da Basaben hondakinak biltegiratu eta kudeatzeko planta jartzeko baimenak eskuratzeko bide administratiboa. Enpresak proiektua egiteko ahaleginari eutsi nahi badio, auzitegietara jotzeko aukera du orain: bi hileko epea du Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazio Aretoan helegitea aurkezteko.




