Batzar Nagusiek Metroa Usansoloko erdigunera heltzeko azterketa egitea onartu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bizkaiko Batzar Nagusiak
Metroaren 5. linea Usansoloko erdigunera heltzeko azterketa egitea onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek. EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa eta Garraio Sailak herritarrek aurkeztutako alegazioak kontuan hartzea aurreikusten du ere.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Metroaren 5. linearen ibilbidea ezagutzera eman zuten pasa den urrian eta Usansoloko auzokideek linea berri honek gaur egungo Euskotren geltokia kendu eta ospitale ondoko Labea auzora aldatuko duela salatu zuten.
Binkek jaso zuen moduan, proiektu honen ondorioz Usansoloko erdigunea geltoki gabe geldituko dela azpimarratu zuten eta sinadura bilketa hasi zuten Metroa erdigunean gelditzea eskatzeko.
Auzokideen kexak kontuan hartuz, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietan hurrengoa eskatuz: bideragarritasun azterketa bat egitea Metroaren zerbitzua Usansoloko erdigunera hurbiltzeko. Halaber, testuak Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak herritarrek eta elkarteek aurkeztutako alegazioak kontuan hartzea aurreikusten du.
Puntu biak onartu zituzten Bizkaiko Batzar Nagusiek, bakoitza bere aldetik bozkatu zela. Lehenengo puntuan, EH Bilduk Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa jaso zuen, eta gainerako taldeak abstenitu ziren. Mozioaren bigarren zatia ordea, Batzar Nagusietako talde guztiek onartu zuten, abstenitu zen Talde Berezia-PP Bizkaiak izan ezik.