Behatzen ikasten: job shadowing ( Errumanian)
Irailaren 23tik 27ra Erasmus+ programaren koordinatzaileak eta Elexalde BHIko ingeleseko beste irakasle batek job shadowing batean parte hartu zuten Errumanian, Erasmus Ka120 akreditazio-proiektuaren esparruan.
Job shadowing horren helburua Errumaniako eskolaren eguneroko lana behatzea izan zen, baita Errumaniako hezkuntza-sistema ulertzea ere, eta, horrela, gure ikastetxea hobetzen lagunduko duten lan-metodoak eta teknikak integratu ahal izatea.
Bi irakasleek Iaşi ikastetxearen funtzionamendua behatu zuten, Latin, Informatika, Ingeles, Historia eta Frantseseko klaseetan sartu ziren. Era berean, Errumaniako hezkuntza-sistemari buruzko mahai-inguru batean parte hartu zuten, Euskal Herrikoarekin alderatuz eta Iaşi ikastetxe nazionaleko ikasleek herritartasun aktiboari buruzko proiektuak aurkeztu zizkieten
Irakasleen hitzetan, ”Azpimarratzekoa da Errumanian VIII. maila bukatuta Testare National azterketa egin behar dutela, eta bertan lortutako notaren arabera ikastetxea aukeratu dezaketela. Guk job shadowing-a egin dugun National College of Iaşi Romania eskola aukeratu duten ikasleek gutxienez 9,5eko batez besteko nota lortu zuten. Beraz, ikasle horiek ahalegin handia egiten dute bikaintasuna lortzeko eta hezkuntza-arloan nabarmentzeko, haien artean gaitasun handia sustatuz. Fisika, Matematika, Filosofia, Erromatar literatura, Astrofisika, Geografia, Latina eta Ingelesa bezalako arloetan nazioko eta nazioarteko etengabeko hezkuntza-olinpiadak egiten dituzte eta lehenengoak nabarmentzen dira.”
Errumaniako ikastetxea, aipatutako akreditazioaz gain, hainbat Erasmus proiekturen parte da, eta aukera eman zion Elexalde institutuari etorkizunean Lituaniako ikastetxe batekin jasangarritasunari buruzko proiektu batean parte hartzeko.
Beste alde batetik, zonaldeko ikuskariak azterketa nazionalaren emaitzen berri eman zien Elexaldeko irakasleei, eta elkarrizketa ere egin zieten Iaşi telebistarako eta eskolako aldizkarirako. Horrez gain, Ms Turcanaşu historiako irakasle anfitrioiak gidatu zituen Iaşi eta Errumaniaren memoria historikoan zehar.
Job shadowing ekimena oso aberasgarria izan zen, eta gure sistemarekin alderatuta, aipatzekoa da ikasle errumaniarrek unibertsitate-ikasketak aukeratu ahal izateko kontuan hartzen den nota bakarra Bacalaureat azterketan (gure EBAU) lortutakoa dela. Gainera, nota bikainak ateratzen dituzten ikasleek pizgarri ekonomikoa jasotzen dute. Esperientzia emankorra izan zen, eta parte hartu zuten irakasleei ikastetxean inplementatu ahal izateko ideia ugari eman zizkien.
Bestalde, Iaşiko National Collegeko bi irakaslek job shadowing bat egin dute gure Elexalde institutuan 2024ko abenduaren 9tik 13ra. Egun horietan Elexalde ikastetxeak nola funtzionatzen duen ikusi dute, gure hezkuntza-sistemaren berri izan dute, eta gure ikastetxean egiten ari diren hainbat jarduera inplementatu ahal izango dituzte beraien herrialdera itzultzean.