Bekeako Mari Goikuria hil da, San Juan bezpera galdakoztarreko ikurra
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Andra Mari Dantza Taldearen artxibotik
Urte luzez San Juan bezpera galdakoztarreko ikur bilakatu zen Bekeako Mari zendu da, garai honetako erritual eta ohituren sustatzaile izan dena.
Mari Goikuria Beobide zendu da 93 urterekin abenduaren 5ean, Santi Brouard enparantza galdakoztarrean Andra Mari Dantza Taldeak antolatzen duen San Juan bezperako sua piztearen ardura urte luzez izan duena. Piztearen ardura bakarrik ez du izan ‘Bekeako Marik’ —hala ezagutzen zitzaion—, aurretik egiten zen konjuroaren interpretazioa ere berak egiten baitzuen ekitaldira gerturatzen ziren ehunka galdakoztarren aurrean.
Pandemiaren aurretik utzi zion Goikuriak lan hori egiteari, eta bere lekukoa hartu zuen Igone Barrenetxea galdakoztarrak, beti ere Bekeako Marik erakutsitako ohiturari jarraiki. Gaur egun oraindik Barrenetxeak egiten du San Juan sua piztu aurreko konjuroa enparantzaren bueltan.
Mari Goikuriari zor dio beraz Galdakaok, hein handi batean, San Juan bezperako erritual eta ohitura zaharra bizirik mantendu izana. Eta bera agurtuko dute herritarrek abenduaren 7an, osteguna, 17:00etan Santa Maria parrokia galdakoztarrean egingo den hiletan.
Aipatutako dantza taldeak bideo hau grabatu zuen berarekin eta bere etxean 1985ean, Bekea auzoan, gero Galdakaoren erdigunean egiten zuen San Juan bezperako ohitura eta erritual hori bera azalduz eta erakutsiz: