Bere 40. liburua argitaratu du Antton Irusta usansolotarrak
«Mundu bete ipuin» argitalpena
BINKE / 2020ko urria
Bere 40. liburua argitaratu du Antton Irusta usansolotarrak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Enrique Morente ilustratzaile galdakoztarrarekin batera kaleratu berri du Antton Irusta usansolotarrak «Mundua bete ipuin» liburu berria, bere 40. liburua, gertaera ezohikoei eta abentura zoragarriei buruz hitz egiteaz gain, galdera bati erantzuten saiatzen diren ipuinez josia.
Gaztetxotatik hasi zuen Antton Irusta irakasle usansolotarrak idazle jarduna. Eta bide horretan, dagoeneko, bere 40. liburua aurkeztu berri du: «Mundu bete ipuin», erantzunen liburu bezala bataiatu duena.
Edozein argitalpen elementu grafikoz hornitzearen garrantzia beti izan du oso presente Irustak, eta horregatik beste behin, Enrique Morente ilustratzaile galdakoztarra izan du bidelagun. Bere irudiek eman diote bizia 21 ipuinen bilduma berri honi.
Euskal Herrikoak ahaztu barik, bost kontinenteko ipuinak bildu ditu idazleak lan honetan; bakoitzetik hiruna. Usansolotarraren esanez, «ipuin guztiak dira, zelanbait, gizakiak noizbait egindako galderei mitologiak herri jakintzaren bitartez emandako erantzun miragarriak». Erantzun horien artean dago, esaterako, gameluen bi konkorren zergatia.
Liburua Binkeri aurkezteko orduan animatu gura izan ditu gaztetxo —eta ez hain gaztetxo— guztiak argitalpena irakurtzera: «Irakurri ipuin hauek. Horietako asko aspaldi asmatu ziren, jakintza zientzia gisa oraindik existitzen ez zenean. Baina, orduan ere, gizakiek beren eguneroko bizitzako irakaspenak behatu eta ateratzen zituzten, eta, horrela, herri-jakinduria areagotzen ari zen etengabe.
Lurreko herriek inguruan ikusten zutenaz hitz egiten zuten beren ipuinetan, egin beharrekoaz eta saihestu beharrekoaz, batzuetan txantxetan, beste batzuetan serio, baina agerian utziz munduaren aberastasun eta edertasunaren aurrean duten poza».