‘Bermutaren kermessea’ eta ‘Musika kutxatxoa’ ikuskizunak eskainiko dituzte Galdakaon asteburuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Torrezabal Kultur Etxeko ikuskizunak kalera irtetzen ari dira apirilean eta asteburu honetan saio bi ikusteko aukera izango da Galdakaon. Teatro Gorakada konpainiak ‘Bermutaren kermessea’ antzezlana aurkeztuko du eta Ana Capillak ‘Musika kutxatxoa’ dantza ikuskizuna eskainiko du.
Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusia hobetzeko egiten ari diren obren ondorioz, apirilean zehar ikuskizunak kalera irtetzen ari dira. «Kaleak konkistatzeko» helburuz, egitarau zabala prestatu du hilean zehar Galdakaoko Udalak eta asteburu honetan bi saio ikusteko aukera izango da.
Batetik, Teatro Gorakada konpainiak ‘Bermutaren kermessea’ antzezlana aurkeztuko du barikuan, apirilak 26, Kurtzeko plazatik 20:00etatik aurrera. Kalea ibilita eta animatuta dagoenean, vermuaren eta aperitiboaren garaia iristen denean, Bermutaren Kermesseak eta bere koadrilak euren lotsagabekeria eta musika paseatzera aterako dituzte.
Zapatuan aldiz, apirilak 27, Aperribaiko frontoiak Ana Capillaren ‘Musika kutxatxoa’ dantza ikuskizuna hartuko du 18:00etan. Kutxa polit bat eta barruan bizi den dantzariak, bere dantzarekin, bere musikarekin, musika klasikotik rock-and-rollera doan saioa eskainiko du.