BIDEOA | Basurde bi agertu dira goizean Plazakoetxe inguruan
TESTUA: Jon Gomez Garai
BIDEOAK: Binkera bidalitakoak
Bisitari bitxi bi izan ditu gaur goizeko lehenengo orduan Galdakaok, basurde txiki bi agertu baitira Juan Bautista Uriarte eta Plazakoetxe inguruan. Udaltzainek berehala hartu dute parte eta ondoko albistean kontatu dugu egin dutena, basabereek kalterik ez eragiteko.
Eguazten honetan, maiatzak 31, goizeko lehenengo orduan bisitari bitxi batzuekin agertu dira Galdakaoko Plazakoetxe inguruko bizilagunak. Udaltzainek lehenengo deia 06:15ean jaso dute, Juan Bautista Uriarte kalean basurde bi agertu direla esanez, Plazakoetxeren parean.
Udaltzainak berehala bertaratu dira basurde txikien ingurura. «Goiz zen oraindik, baina lanerako joan-etorriak berehala hasi behar ziren, eta horregatik Tximelarre inguruko arboladira bideratu gura izan ditugu, kalterik sortu ez zitzaten», adierazi dio Galdakaoko Udaltzaingoak Binkeri.
Bitartean, dozenatik gora dei jaso dituzte udaltzainek, baina poliziek lortu dute 08:00 aldera basurde biak Tximelarre Goikoako eta N-634 errepide nagusiaren tarteko arbolartera bideratzea. «Bertan izan ditugu kontrolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi dugun arte, erakunde hau baita basabereen ardura daukana horrelako kasuetan», aitortu diote udaltzainek hedabide honi.
Ondorioz basurdeak —«ziurrenik lehergaien enpresaren baso ingurutik etorritakoak» Udaltzaingoaren hipotesien arabera— ez dira errepidera irten eta ez dute inongo kalterik eragin. Bizkaiko Foru Aldundiaren esku geratu dira honezkero.